Galder Perez (Eszenatokian
karratu zabal bat dago, aurrealdetik zabalik. Edozein hiri handiko igogailu
publikoa da. EMAKUMEA.
Eskerrik asko. (Isilunea.) Asko
falta da? IGOGAILUZAINA.
Asko falta, zertarako? EMAKUMEA.
Irtetzeko. IGOGAILUZAINA.
Oraindik beste norbait etorri behar da. (EMAKUMEAK
urduri jarraitzen du, zer egin jakin gabe. IGOGAILUZAINA liburua irakurtzen ari
da lasai. EMAKUMEAK atetik kanpora begiratzen du.) EMAKUMEA.
Ba nik ez dut inor ere ikusten. (Nerbioek
EMAKUMEA jan behar dute; alde batera eta bestera, gora eta behera begira dago. GAZTEA.
Trikuren bat agertu al da hemen? (Zarata bat entzun da eta igogailuko atea ixten da.) GAZTEA. (Atea
itxi dela ohartu gabe IGOGAILUZAINARI galdezka.) Triku txiki bat aurkitu al duzue hemen? Txiki txikia da eta oso maitekorra. IGOGAILUZAINA.
Berrogei. GAZTEA. Berrogei ? Hori ezinezkoa da! Inguruan bakarrenetarikoa dela uste dut. IGOGAILUZAINA.
Berrogei pezeta, mesedez. GAZTEA. (Igogailuak
bidaia hasi duela jabetuz.) Txakurraren buztana! Nire animaliaz galdezka baino ez nentorren eta gorarte
igo behar dudala? Kaka! (Poltsikotik
dirua ateratzen du IGOGAILUZAINARI emateko. Honek tiketa ematen dio kanbioekin
batera. GAZTEA estututa geratzen da.) EMAKUMEA.
Barkatu atrebentzia, baina zer esan duzu, trikua? GAZTEA.
Bai, trikua. Lagun eztendunak alde egin dit! EMAKUMEA. (Barrea ezin eutsiz.)
Nork, baina? Trikuak? Kirikiñoak? GAZTEA. Bai,
ez dakit nola gertatu den. Konturatu gabe, dzast! Alde egin du! Agian hona sartu
da. Halako leku txiki eta beroak gustokoak ditu. Ziur ez dela... (Zarata gogor batek elkarrizketa mozten du. EMAKUMEA eta GAZTEA
larrituta elkarri begiratzen diote. IGOGAILUZAINAK ez du liburua utziko.) EMAKUMEA. (Beldurtuta.)
Zer izan da hori? GAZTEA. (Ikaraz.)
Gelditu dela ematen du. EMAKUMEA. (Beldurrak harrapatuta.) Ai,
ene! Ez esan! (IGOGAILUZAINARI) Gelditu al da? (IGOGAILUZAINAK buruarekin baiezkoa egiten du liburuari muzin egin gabe.)
EMAKUMEA. Ez
da izango? Benetan? IGOGAILUZAINA. (Oso lasai irakurketan murgilduta.) Gelditu
dela dirudi, bai. EMAKUMEA. Baina...
eta ez duzu ezer egingo? Kontuz ibili, gero! Senitarteko batek klaustrofobia
zeukan. Gaitz hauek heredentziazkoak izan ohi dira. Beraz, batek daki niri orain
ere etorriko ote zaidan! (Bat-batean dena ilun geratzen da. EMAKUMEA eta GAZTEA oihuka hasten dira.
EMAKUMEAREN aieneak eta gaztearen aiamak kaletik entzuten dira. IGOGAILUZAINAK
barre algara maltzur eta luzea botatzen du. Argia bueltatzen denean, EMAKUMEA
eta GAZTEA besarkada estuak lotuak ditu. Egoera ikusita, argia bueltatzean, bata
bestearengandik urruntzen dira, lotsatuta bezala. IGOGAILUZAINAk ez du
irribarrea galtzen.) EMAKUMEA. (Gaztearengandik urrunago joan guran eta oraindik urduritasuna
astindu ezinik, Igogailuzainari.) Aizu,
baina, baina, zuk zergatik egiten duzu barre, e? Nik, zera, e, ez, ez diot
inongo graziarik ikusten! GAZTEA.
Geldi jarraitzen dugu? (IGOGAILUZAINAK buruarekin baietz egiten dio.) EMAKUMEA. Irteteko,
edo, edo, mugitzeko, edota, nik, nik, nik zer dakit, baina, zera, irten,
irtenbideren bat egon beharko da, ezta? (IGOGAILUZAINAK buruarekin ezetz
egiten dio.) Ez da posible! Hogeitabatgarren mendean bizi gara! A! Jakina! (Eskuko
telefonoa bere zorrotik ateratzen du.) Lasai, (GAZTEARI) arazorik ez
dago! Eskerrak hogeitabatgarren mendean bizi garela! (Telefono zenbaki bat
markatzen hasten da, behin eta berriro, telefonoaren pantailatxoa harrituta
begiratuz.) Ez! Ez! Ezin da izan! Ez dago koberturarik! Tramankulu
madarikatua! (IGOGAILUZAINARI) Zenbat denbora eman beharko dugu orain hemen
setiatuta? |
IGOGAILUZAINA.
Behar bezain beste. EMAKUMEA.
Nola behar bezain beste? Ai ene! (Zigarro bat ateratzen du zorrotik.) IGOGAILUZAINA. (Emakumeak ateratako zigarroa bere poltsikoan gordez.)
Hemen erretzea... debekatuta dago. EMAKUMEA. (GAZTEARI) Burutik
jota dago gizon hau! GAZTEA. Burutik
jota nire triku kuttuna egongo da honezkero. Non ote dago? Nik ez nuen hona
sartu nahi, eta azkenean, behartuta, gorako bidea hasi eta erdian geratu gara...
Eta bitartean nire laztana gosez hiltzen! EMAKUMEA.
Erdian gelditu al gara? Nola dakizu zuk hori, e? GAZTEA. Ba
ez dakit erdian edo hamaikagarren laurdenean ote gauden! EMAKUMEA. Egia
esan, nahiago nuke erdian bageunde. Ibilbide gehiago egina izango genuke erdian
egonda. Imajina ezazu laurdena bakarrik eginda geneukala... GAZTEA. Nik
ez nuen etorri nahi. Horixe da
kontua. Nik ez nuen igo nahi! IGOGAILUZAINA.
Gora igotzeak ez dizue beldurrik eman behar. GAZTEA. Behean
dagoenak errez esaten du hori! Baina larriena goitik erortzea da, jauzia. Atera
itzazue kontuak, eroriko bagina? EMAKUMEA. (Urduri) Falta
genuena! Erortzea! Bai zera! Orduan, laurdenean erdian baino hobe! (Beldurrak
jota.) Baina... jausiko gara... benetan? IGOGAILUZAINA. (Irri eginez)
Jausi? Eta zergatik ez hegan egin? GAZTEA. Hegan?
(Ume bat bezala, alai, hegan egitearen keinuz.) Primerakoa litzateke! Eta
goian, hegaz goazela, behera begiratu, eta azpian dauden eta gorroto ditugun
guzti horiei txistua bota diezagukela! Iepa! (Igogailuzainaren aulkira
igotzen da eta txistua botatzen hasten da bertatik.) EMAKUMEA. (GAZTEARI begira, honek txistua botatzen jarraitzen duela.) Gorroto
dut jendeak ni goitik begiratzea. (GAZTEAK ez die jaramonik egiten.) IGOGAILUZAINA. Goitik
dena ezberdin ikusten da: osterantzeko ikuspuntua da. Goitik begiratzen dugunean
gauzek irudi ezberdina dute, baina zentzua ez da aldatzen. Gero eta argiago
ikusten da dena. Denak txikiagoa ematen du, eta txikiago ikusten dugu, bai.
Baina ez dira gauzak txikitzen direnak; gu gara txikiak garenak, nimiño
bihurtzen gara. Inguruak, berarentzat zein txiki garela esaten digunean xume
bihurtzen gara. Haitzak, adibidez. Eskuartean harri borobila daukagunean
berarekin jolasteko aukera dugu;
harritxoa urrunera jaurti edota poltsikoan gorde dezakegu. Baina harkaitz
erraldoi baten parean gaudenean, bera da gurekin jolastu dezakeena. Ezinbestekoa
da noizean behin gora igotzea nolakoak garen ulertzeko. (GAZTEA orain arte aulki gainean txistua botatzen egon da besteek esandakoak
entzun gabe. Egindako lanarekin pozik, jauzi batez aulkitik behera doa.
EMAKUMEAK lekua hartzen dio eta aulkira igotzen da. GAZTEAK behetik txistu
egitera animatzen du EMAKUMEA.) EMAKUMEA. Ezinbestekoa
bada, frogatuko dugu. (Goitik, Igogailuzainari, honek ikusi gabe, txistua
bota ostean.) Itzelezko bertigoa sentitzen dut leku altu batetik begiratzen
dudan bakoitzean. Behera noa! IGOGAILUZAINA.
Izarretatik jausteko modu bakarra da. EMAKUMEA.
Izarrak, bai. Ez dut uste izarren parean dagoena ni naizenik. (EMAKUMEA aulkitik jaisten da.) GAZTEA. (Amets batetik esnatu bezala, EMAKUMEARI galdezka)
Barkatu, zein pisura zoaz? EMAKUMEA.
Azkenera, eta zu? GAZTEA.
Azkenera ere. (EMAKUMEAK igogailuko botoiei ematen die eta sekulako karranpa ematen dio.
Mina hartu beharrean, gustokoa du). IGOGAILUZAINA.
Kontuz! EMAKUMEA. (Kasurik egin gabe eskua
leku berean berriro jarrita karranpa jasotzen
du irribarre artean.)
Nola diozu? GAZTEA.
Ea zein pisura zoazen. EMAKUMEA.
Esan dizut, ba, azkenera! GAZTEA.
Baita ni ere. IGOGAILUZAINA.
Azkena? Azken bidaia? EMAKUMEA. (Urduri) Zer
esan nahi duzu horrekin? Azken bidaia? Hauxe dela gure bizitzako azken bidaia? GAZTEA. (Umeak bezala) Azken
bidaia! (Berriz ere hegan egitearen keinua, txistua botatzen hasiz.) EMAKUMEA. Erortzeko
arriskua dugu, ezta? Banekien, banekien nik. Susmatzen nuen, bai. (Erdi
negarrez.) Ai, gure azken bidaia... Eta goian nire zain daude. Zer egingo
diogu... (Botoiak sakatzen ditu berriz ere, karranpa jasoz. Jaso ostean oso
gustora geratzen da.) IGOGAILUZAINA. Denok
duzue erortzeko beldurra. Baina imajina ezazue momentu batez, erori beharrean
gora eta gora egiten ari garela etengabe. Gora, gora, gora...! Gorantzako bidai
amaigabea. Horrek ez al dizue beldurrik ematen? EMAKUMEA.
Agian zerura helduko ginateke. GAZTEA. (Hegan egiteari utzi gabe)
Zerua, bai! (Aulkira igotzen da berearekin jarraituz.) IGOGAILUZAINA. Berdin
da zerura igo zein beste edozein gailurrera igoko bagina ere! Gure ibilbidetik
aldentzen gaituen misterioa da tontorreko hori. Horren zorrotza da eta gure
bizimodua. Ez diogu gure buruari eskaintzarik ematen. Ez duzue ingurua ezagutu
nahi; horren beldur zarete. Hain da handia daramagun abiadura, zein azkar goazen
konturatzeko unerik uzten ez digula. EMAKUMEA. Azkar
goazela! Geldi gaude baina gizona! Guztiz estatikoa da gure egoera. Geldi! Ez
zerura ezta infernura ere! Geldi!!! GAZTEA. (Bigarrenez “Geldi” hitza entzutean gelditu eta aulkitik
jaisten da) Geldi,
bai, geldi. IGOGAILUZAINA. Min
handiena ematen duena, zera da: azkar joate hori susmatu ere ez egitea. GAZTEA. (EMAKUMEARI) Gizon
honek zerbait esan nahi digula uste dut. EMAKUMEA.
Guri? GAZTEA. Pentsarazi
nahi digu. EMAKUMEA.
Ergelkeriak! Hori baino ez daki esaten! GAZTEA.
Agian ez dira lelokeriak. Pentsa dezagun gelditu du igogailua. EMAKUMEA.
Pentsatzeko? Zertan baina? GAZTEA. Dena
zein azkar doan jabetzeko! Begira, gaur eguneko ordenagailuak duela bost
urtekoak baino mila bider azkarrago doaz. Eta kotxeak? Kotxeena itzela da,
haizea bezain bizkor doaz denak! Baina behin pentsatzen jarriz gero, gizon gaixo
hau kexuka ari da! Igogailu hau zabaldu zuten eguneko abiadura berbera dauka!
Astiroegi doa! EMAKUMEA. Egon
pixka bat. Ez dakit ondo ulertu dudan. Gizon honek igogailua geldi arazi du,
bere bizitza guri kontatzeko asmotan, igogailuarentzat abiadura gehiago
aldarrikatzeko asmoarekin, ezta? GAZTEA.
Hori da hain zuzen nik ere susmatzen dudana. EMAKUMEA. Argi
ikusten dut orain! Protesta modu berria da hau! Langileak bezeroak bahitu ditu! GAZTEA. (Beldurrez)
Bahiketa baten biktimak gara!! (EMAKUMEAK eta GAZTEAK besarkada ematen diote elkarri.) EMAKUMEA. (Oihuen artean)
Bahituta! Ene, bahituta! GAZTEA.
Bahitu gaitu! (IGOGAILUZAINAK denboratxoa uzten dio besarkadari eta tarte baten ostean
haiengana hurbiltzen da). IGOGAILUZAINA.
Barkatu, gorantz ala beherantz doa igogailua? GAZTEA. (Besarkada etenaz) Gorantz
doa jauna. (EMAKUMEAK azken hitz hauek aprobetxatuz botoia sakatzen du eta hain
gustagarria duen karranpa jasotzen du berriro ere.) GAZTEA. (IGOGAILUZAINARI) Ni
nire trikuaren bila nabil. Badakizu zer? Alde egin dit. IGOGAILUZAINA.
Ez esan. GAZTEA. Bai.
Trikuak alde egin dit. Nigandik urrun joan nahi izan du. Eta txarrena da merezi
dudala. Merezi dut, bai. (Oso tragiko.) Mereziko ez dut, ba! Babua! Ihes
egiten utzi dut! (Trikua eskuarten izango balu bezala, IGOGAILUZAINA
laztantzen du.) Nire eskuetatik bota dut! Aire! (Eskuak lau haizetara
zabalduz.) Ganorabakoa naiz! Ergela, ergela eta ergela! Aldamenean eduki
dudanean ez dut zaintzen jakin izan. Maite dugunak alde egiten digun
arte ez dugu behar bezala aintzat hartzen. (Erdi negarrez hasia.) Ez
nago honetarako prest. Ezin izango dut hutsune hau jasan! Berak, gaixoak (IGOGAILUZAINA
laztanduz) nire triku kuttunak, jolasteko eskatzen zidan bakoitzean nik
ezetz esaten nion gordin. (IGOGAILUZAINARI.) Ez, orain ez! Zoaz! Alde
hemendik, nekatuta nago eta! (IGOGAILUZAINAK, lau hanketara, trikuarena eginez GAZTEARENGANDIK alde
egiten du.) EMAKUMEA.
Ulergarria da. Eztenek mina eman behar dute. GAZTEA. Eztenak
bihotzean sartuta ditut nik orain! O! Non egongo da! Zein eskuk laztanduko ditu
orain bere ezten goxoak? EMAKUMEA.
Ergela! GAZTEA.
Ergela, bai! EMAKUMEA. (Ozenki)
Ergela, ergela! GAZTEA. (Bere buruari)
Ergela, ergela! EMAKUMEA.(Oso haserre)
Ergela, ergela, ergela!! GAZTEA.
Ergela, erge... (EMAKUMEAREN jokabidea ikusita isilik geratzen da.) EMAKUMEA. (Lau hanketan dagoen IGOGAILUZAINARI) Ergela,
ergela! Baina jakin liteke zertan ari zaren lurrean botata? Gu hemendik atera
beharrean, hortxe zabiltza, lau hanketara ez dakit zertara jolasten! IGOGAILUZAINA.
Jaten ari naiz. Ogi-papurrak daude hemen. GAZTEA. Zu
bai azkarra, zu! Nire trikuak ere oso pozik jango lituzke ogi-papur horiek. (GAZTEA lau hanketan ogi-papurrak hartzen hasten da eta poltsikoan gordetzen
ditu. IGOGAILUZAINAK, bitartean, aurkitzen dituen ogi-papurrak hartu eta jaten
ditu. EMAKUMEAK poltsan dauzkan ogi-papurrak botatzen ditu. Hamelingo txirularia
izango bailitz eta beste biak arratoiak bailiran, lau hanketara, EMAKUMEA
jarraitzen dute. Buelta pare bat eman dituztenean, EMAKUMEA
oso haserre beste bien aurrean geratzen da zutik, sarjentu plantak egiten.)
EMAKUMEA. Nahikoa
dugu! Ikusten dudanez ez daukazue hemendik irtetzeko gogorik. Nik bai, ordea! GAZTEA. Baita
nik ere. Baina nire trikuarentzat ogi-papurrak hartzen ibili izan naiz.
Harrigarria da! Ogi-papurrak belarra baino azkarrago hasten dira hemen! EMAKUMEA. (Desesperatua) Igogailu
honetako atea ireki arte ezin izango diozu zure trikuari ogi-papurrik eman! IGOGAILUZAINA. Atea
irekitzea? Zertarako nahi duzue atea ireki? Kanpora irtetzeko, bai. Ongi da.
Baina zuen barreneko ateak itxita badaude, ate hau zabalik egoteak ez dizue
ezertarako balio izango. Zuen ezkutuko ateak itxita badaude, berdin da igogailu
honetako atea, zein gaztelu handi bateko atea zabalik egotea ere. Berdin da. (GAZTEA eta EMAKUMEA barrea ezin eutsi daudela, bata bestearen aurrean
jartzen dira.) GAZTEA. (EMAKUEAREN aurren kolpetxoak emanez.)
Tok, tok, tok! EMAKUMEA.
Bai, nor da? GAZTEA.
Irekiko al didazu zure atea, mesedez? EMAKUMEA. Bai,
jakina! (Atea zabaltzearen keinua egiten du eta tokiz aldatzen dira.) EMAKUMEA. Eta
orain zure txanda. (GAZTEAREN aurren kolpetxoak emanez.) Tok, tok, tok! GAZTEA.
Bai, nor da? EMAKUMEA.
Irekiko al didazu zure atea, mesedez? GAZTEA.
Jakina baietz! (Atea
zabaltzearen keinua egiten du eta biak barrezka hasten dira.) IGOGAILUZAINA.
Barkatu, zein pisura zoazten ez dakit oraindik. GAZTEA.
Azkenengora. (EMAKUMEAK ez du botoia sakatzeko aukera galtzen, dagokion karranpa jasoz.
Lasaitu ostean, barregura guztiz kendu ez duela oraindik, aulkian jesartzen da.) EMAKUMEA. (IGOGAILUZAINARI) Aizu,
bai lanbide xelebrea zurea: pertsonak gora eta behera garraiatzea. IGOGAILUZAINA. Ardura
zaila izan beharko da hori, dudarik gabe. Baina nirea ez da neurri horretako
erantzunkizuna. Ez, ez da hori nire ofizioa. EMAKUMEA. (Erdi barrezka)
Zer duzu ba, afizioa? IGOGAILUZAINA.
Nire ofizioa gorputzak igo eta jaistea da. Pertsonekin egotea, afizioa. GAZTEA. Badakizu
zer? Zure lanbideak laster ez du ezertarako balio izango. Zure lan guztia
makinek egingo dute. Arraroa da zure modukoak oraindik egotea. Aparatuak edonon
daude. Etxalde bat ezagutzen dut non ordenagailuak gizona eta eguzkia ordezkatu
dituen. Konputagailuak jatekoa ematen die oiloei,
argiztasuna kontrolatzen du eta, hori gutxi balitz, arrautza bakoitza
dagokion kutxan ondo sartzea lortzen du, bat bera apurtu gabe. IGOGAILUZAINA. A,
bai? Ba nik entzuna dudanez makinek ere maskotak ordezkatzen dituzte. Aparailu
txiki batzuk dira gaurregungo laguntxoak. Kolore anitzetako traste txiki horiek
jan, edan, lo, jolastu, barre, txisa eta kaka egiten dute! GAZTEA. Bai,
zuk segi horrela eta laster langabezian ikusiko duzu zure burua. Gainera ziur
ingeles edota iparamerikarrek asmatuko dutela zu ordezkatzeko makinarik. IGOGAILUZAINA.
A, bai? GAZTEA. Ziur!
Begira zein azkarrak diren. Zuretzat ulergarria eta sinplea den adibide batekin
azalduko dizut. Guk honi (ingurua seinalatuz) igogailua esaten diogu,
ezta? IGOGAILUZAINA.
Igogailua, bai. GAZTEA.
Baina, beheragailua ere bada, ezta? IGOGAILUZAINA.
Bai, beheragailua ere bada, bai. GAZTEA.
Ongi da. Gazteleraz nola esaten diote? IGOGAILUZAINA. (Aspertuta)
Deitu, zeri? GAZTEA.
Tramankulu honi! Igogailuari! IGOGAILUZAINA.
Ascensor. GAZTEA. Ascensor,
hori da! Ascensor. (Gorantzako keinua egiten du besoekin.) Ascensor!
Ascensor! Eta frantsesez? IGOGAILUZAINA.
Ascenseur. GAZTEA.
Hori da. Baina inglesez nola esaten dute? IGOGAILUZAINA.
Ta nik zer dakit! GAZTEA. Lift!
Lift esaten diote! Lift beheragailua da ere, ez igogailua bakarrik! Horretarako
beren beregi asmatutako hitza. Lift! Gora eta behera egiten duena. EMAKUMEA. (Orain arte aulkian lasai egon da eta zutik jartzen da.)
Elevator! (Gorantzako keinua egiten du besoekin.) E-le-va-tor! IGOGAILUZAINA.
Aizu, ta japonieraz nola esaten duten ba al dakizu? GAZTEA. (Burumakur) Ta
nik zer dakit! Gainera, berdin zait! Ziurrenik ez zen horren asmakizun ona
izango. Gauza batzuetan trebeak dira japoniarrak. Teknologia kontuetan ez dute
parekorik izango. Baina garraioei dagokionez ez nintzateke hain ziur egongo.
Ikusi al duzue inoiz nola joaten diren japoniarrak metroan?
Ikaragarria da. Inurriak dirudite,
hortxe denak pega-pega eginda. (Hirurak pega-pega eginda jartzen dira, EMAKUMEA erdian dela.) IGOGAILUZAINA. Tira,
horrela egonez gero, aldamenekoa hurbilago duzu, eta gustokoa izatekotan... (EMAKUMEARI
kariñoso hurbiltzen zaio eta begiaz keinu egiten dio. Honek txalo batekin
erantzuten dio.) GAZTEA. (Jasotakoaz jabetu gabe.) Hala
ere, ez nuen batere gustukoa izango egunero horrela bidaiatu behar izatea.
Jesartzea ezinezkoa da, baina larriena, ez da hori. Larriena beroa da! IGOGAILUZAINA. Horixe
baietz! Beroaldi jasanezina. Akelarre batean bezala, sutan egotearen sentsazioa
da. GAZTEA. Uau!
Hori da! Saunara joatea Tokioko metroan bidaiatzearekin alderatuz, euliaren
ostikada izan behar da. IGOGAILUZAINA.
Sauna? Huskeria. Zuk ba al dakizu infernuan egin behar duen beroa? GAZTEA.
Berrogei gradu? IGOGAILUZAINA. Berrogei?
Ta baita berrogeitamar ere! GAZTEA. Hirurogei!
Hori da, hirurogei gradu! IGOGAILUZAINA. Hirurogeitamar
esango nuke nik! GAZTEA. Laurogei,
laurogei gradu! Imajina ezazu. IGOGAILUZAINA. Laurogei!
Norbaitek gehiago eskaini dezake? (Etena.) Ongi da, ba laurogei zelzius
gradu! GAZTEA. Uauuu!
Laurogei! Maratoeitako korrikalariek izerdi gutxiago egin behar dute. IGOGAILUZAINA. Izerdi
patxetan bizi dira japoniarrak metroan. GAZTEA. Izerdi
tantek sorbalda bustiko dute lehenengo. Izerdi tanta bakar batek sorbalda goitik
behera gurutzatuko du. IGOGAILUZAINA. Baina
tanta bakarra zena biderkatu, eta gorputz osoa izerditan blai hasten da. GAZTEA. Aurpegia
ere izerdi tantez beteta! (GAZTEA eta IGOGAILUZAINA alde batera mugituko dira, beroa
jasanezina izango balute lez. EMAKUMEA ez da dagoen tokitik mugitzen eta
itzelezko beroa pasatzen ari da, bere buruari haizea ematen dio.) IGOGAILUZAINA. Entzuna
dudanez jende askok ezin du bero hori sofritu. Eta kalenturarena, aizu! GAZTEA.
Beste laurogei gradu, baina besapeko termometroan! IGOGAILUZAINA.
Sukar pairaezina! GAZTEA. Zorabioak
etengabeak izan ohi dira. Ezin dute ezta arnasarik hartu ere. IGOGAILUZAINA. Horixe!
Sutan dauden horietako asko lurrera ziplo erortzen dira egunero. GAZTEA. Aizu,
leku hau txikiegia ere bada. Hiru baino ez gara, baina denbora gehiegi daramagu
hemen sartuta, airea berriztatu gabe. Agian, gu ere... itotzen hasiko gara! (EMAKUMEA lurrera erortzen da, zorabiatuta.) IGOGAILUZAINA. (GAZTEARI EMAMUKEA seinalatuz)
Ederra egin duzu! GAZTEAK.
Nik? IGOGAILUZAINA.
Nork bestela? GAZTEA. (Kezkatuta) Sentitzen
dut, benetan. Ez zen nire asmoa horrelako desgraziarik eragitea. Jode... ta zer
egin behar dugu orain? (Oso kezkatuta.) Benetan ez nuela halakorik egin
nahi. Eta hemendik ezin dugu inor abisatu! Imajina ezazu orain emakume hau
hiltzen dela. Eta gu hementxe, ezagutzen ez dugun zendutako emakume batekin. IGOGAILUZAINA.
Egun asko eman behar baditugu, kiratsa jasan ezina izango da. GAZTEA. Kiratsa?
Ta ni? Kartzelara, ezta? Ba jakin dezazun, errua zurea da! Zure bahiketaren
erruz emakume hau hil da. Hiltzailea! Narrua! IGOGAILUZAINA.
Ixo! Lagundu iezadazu. Igoko al zenuke? GAZTEA. (Harrituta eta minduta)
Aizu, mesedez... Txantxetarako konturik ez da hemen! IGOGAILUZAINA.
Ze txantxa ta zer saltsa? GAZTEA.
Ba hori, esan didazuna... (Larrua jotzearen mugimenduak egiten ditu.) IGOGAILUZAINA. (GAZTEAK uste zuena ulertuta, kokoteko bat ematen dio.)
Tira! (IGOGAILUZAINAK EMAKUMEA besoetan hartzen du GAZTEAREN laguntzarekin.
Igogailuko botoiak dauden lekura hurbiltzen dira. EMAKUMEAREN atzamarrak
botoietara eramaten dituzte. Lehenengo ukitu batekin ez da nahikoa, baina
bigarrenarekin EMAKUMEAK irribarre goxo bat egiten du eta hirugarrenarekin
gorputz osoa mugituko zaio. Zutik jartzen dute EMAKUMEA, baina lelotuta bezala
geratu da, erdi lo, erdi joanda. Beste biek kezkatuta begiratzen dute eta agur
keinuak egiten dizkiote baina ez ditu ikusten.) IGOGAILUZAINA.
Barkatu, andrea, nora zoaz? Behera? EMAKUMEA. (Guztiz lelotuta)
Behera, behera, bai... GAZTEA.
Behera? Ez al genuen gora igo behar? EMAKUMEA.
Gora, bai, gora... GAZTEA.
Gora, behera... Nora! Gora ala behera? EMAKUMEA. (Ametsetan bezala) Gora,
behera... Behera, gora... Gora, gora, gora! Behera, behera, behera! (IGOGAILUZAINAK indarrez EMAKUMEA hartzen du, eta esku osoa botoietan
jartzen dio. EMAKUMEAK oihu egin arte ez du askatzen.) IGOGAILUZAINA.
Azkenean! GAZTEA.
Aupa! EMAKUMEA. (Esnatzen hasia bezala.)
Tira bada, nora joan behar dugu? Gora ala behera? GAZTEA.
Gora! Gora! Eta azkar gainera! (EMAKUMEAK botoiak sakatu nahi ditu berriz ere, baina IGOGAILUZAINAK ez dio
utziko.) IGOGAILUZAINA. Gaurkoz
aski da! Gehiegikeriak ez dira inoiz komenigarriak izaten. GAZTEA.
Zer? Orduan, bada, benetan gora joateko ordua? EMAKUMEA.
Ni, egia esan, aspertzen hasia naiz eta, gainera, porru eginda nago. IGOGAILUZAINA. Imajina
ezazue gora igotzeko aukera dugula. (GAZTEAK eta EMAKUMEAK adi entzuten dute.)
Baina gora igoko bagina, ez genuke berriz ere behera bueltatzeko aukerarik
izango. GAZTEA.
Betirako goian gelditu beharko ginateke? EMAKUMEA.
Eta goian dugun bizimoduarekin soilik konformatu? IGOGAILUZAINA. Zer
duzue kanpoan zain? Pentsa ezazue goian dagoen dena berria dela. Zuen gustuko
unibertsoa, zuen ametsetako lurraldea izango balitz goikoa? Orduan, zer? GAZTEA.
Orduan, behera bueltatzeko inongo aukerarik ez? IGOGAILUZAINA.
Ezta bat bera ere. GAZTEA.
Eta nire trikua, zer? EMAKUMEA. (Oso pozik, zerbait asmatu duelakoan, GAZTEARI.) Egon
lasai! (IGOGAILUZAINARI.) Eta zenbat ordaintzen duzue onartzekotan? (GAZTEARI.)
Dena ulertu dut! Harrapatu zaituztet! Telebista saio berri bat da hau! GAZTEA.
Kontxo! Telebista! (Kameren bila hasten da.) EMAKUMEA.
Ai... ze lotsa! Gu hemen ibili gara, umeak bezala, kexuka. Ze lotsa... GAZTEA.
Joe, telebista! EMAKUMEA. (Emakume garrantzitsua sentituz.) Imajinatzen
nuen nik egunen baten tokatu behar zitzaidala. Egia da esaten dutena, hain da
errealista... GAZTEA.
Ostras! Telebista, joe!! IGOGAILUZAINA. (Egoera mozteko asmotan.)
Zein pisura zoazte? GAZTEA.
Azkenera, bai. EMAKUMEA. (Lehiaketa baten egongo bazen bezala.)
Ni ere arriskatuko naiz. Azkenera! IGOGAILUZAINA.
Orduan, berrogei pezeta. EMAKUMEA. (Haserre)
Ez dago eskubiderik! Lehen ordaindu dugu! IGOGAILUZAINA. Berdin
da. Bidai bati dagokion baino askoz denbora luzeagoa egin duzue hemen. Beraz,
berrogei pezeta! GAZTEA. Denbora
gehiegi daramagu hemen, bai, baina ez guk hala nahi izanda. EMAKUMEA.
Gure borondatearen kontrako zerbait izan da. IGOGAILUZAINA. Baita
nire borondatearen kontrakoa ere. Zer uste duzue, zuek biok jasatea nire
gustokoa izan dela? Zuen moduko hamaikatxo ikusten ditut egunero! Denak harresi
modukoak. Denok gorantzako bidaia ahalik eta azkarren egin nahi duzue. Gora
heltzeko obsesio horrek ez dizue bidaia bizitzeko aukerarik ematen. Gero eta
kolore gutxiagoko paisaian bizi nahi duzue. Nik mundu berri bat, unibertso
ederra eskaini dizuet, eta zuek “telebista saio bat, telebista...” Kirtenak! (GAZTEAK eta EMAKUMEAK berrogei pezetak ematen dizkiote IGOGAILUZAINARI.) GAZTEA.
Baina egia al da beste mundu horren kontu hori? (IGOGAILUZAINAK ez du erantzuten, ez du inolako keinurik egiten.) EMAKUMEA.
Tira, gizona, ez zaitez horrela jarri. Txantxetan baino ez geunden! IGOGAILUZAINA.
Zuek behia teilatu gainean baino ez duzue ikusi nahi! GAZTEA. (IGOGAILUZAINARI kasurik egin gabe). Badakizue
zer? Behin ondo pentsatzen jarriz gero, ni ez nintzateke gora igotzera ausartuko.
EMAKUMEA. Ni
ondo pentsatzen jarriz gero, eskailerak erabili behar izan ditut gora igotzeko. (Bat- batean argia guztiz joaten da. Etenaldi labur baten ostean argia
bueltatzen da. GAZTEA eta EMAKUMEA
igogailuko barandari hartuta daude, ikuslegoari bizkarra emanez. IGOGAILUZAINA
ez dago). EMAKUMEA.
Mugitu al da igogailua? GAZTEA. Ez
dut uste. Aizu, (buelta emanez IGOGAILUZAINARI galdetzeko asmotan) ez da
mugitu, ezta? E! Ez dago! EMAKUMEA. (Buelta emanez)
Zer ez dago? GAZTEA.
Nor ez dago. EMAKUMEA.
Nor ez dago? GAZTEA.
Nor izango da, ba? EMAKUMEA.
Nor da, ba? (IGOGAILUZAINA ez dagoela ohartuz.) Ene! Ez dago! (Biak, oso beldurtuta daude. Elkarri besarkada ematen diote.) GAZTEA.
Ez dago, ez. EMAKUMEA.
Bakarrik gaude! GAZTEA.
Nire trikua bezala, galduta. EMAKUMEA.
Gureak egin du! GAZTEA.
Igogailu batean abandonatuta. EMAKUMEA.
Eta orain, zer? GAZTEA.
Otoitz egitea da geratzen zaigun irtenbide bakarra. EMAKUMEA.
Otoitz egitea? GAZTEA.
Bai. Ez dakizu zer den? EMAKUMEA.
Nola ez dut jakingo, ba! Baina, jakin, ez dakit. GAZTEA.
Badakizula esan didazu oraintxe bertan. Ez adarrik jo, gero! EMAKUMEA.
Otoitz egiten ez dakidala! GAZTEA. A,
hori! Oso erraza da. Jar zaitez belauniko eta marmarrean hasi. (Aurre aldean otoitz egiten egongo bailiran belauniko jartzen dira. Espektakulu
musikak eteten ditu errezuak. Musikarekin batera IGOGAILUZAINA sartzen da, magoa
kapa batez jantzita. Gozokiz eta bestelako tramankuluz betetako kutxatxoa dakar.)
IGOGAILUZAINA. (Zirko batean balego lez) Ongi
etorriak jaun eta andere, zahar eta gazte! Zuen ilusioak
gauzatzeko momentua da! (EMAKUMEAK ume batek egingo lukeen gisara
txalo egiten du.) Ikustezinak eta aurkitu-ezinak diren mirarien lekuko
izango zarete! Has dadila espektakulua! (Musika entzuten da berriz ere. GAZTEA alde batera joaten da eta EMAKUMEA
bestera; haurtzarora jauzi egin duela ematen du, iji eta aja ikuskizunerako
prest.) IGOGAILUZAINA. (Zirkuluan bira eginez)
Gozokiak! Gozokiak! Norbaitek gozokirik nahi al du? EMAKUMEA.
Nik! Nik! E! E! IGOGAILUZAINA. (Kuxa erakutsiz)
Zein da neska polit honek nahi duen gozokia? EMAKUMEA.
Horiek! Horiek! IGOGAILUZAINAK.
Denak? EMAKUMEA.
Bai, horiek, horiek! IGOGAILUZAINA.
Gozoki hauek zuretzat, ba! (IGOGAILUZAINAK EMAKUMEARI eskatutako gozokiak ematen dizkio. Gero, kutxa
bazter batean utziko du. Ikuslegoari zuzentzen zaio berriz ere.) IGOGAILUZAINA. Gaur,
zuekin, munduko gizonik indartsuena! (GAZTEA seinalatuz.) Menderaezinak
diren animaliei aurre egiten ausartzen den gizaki bakarra!! (EMAKUMEAK bere gozokiekin txalo eta txalo egiten duen bitartean, GAZTEA
erdi aldera ateratzen da indartsuarena egiten, bere giharrak
jendeari erakutsiz.) IGOGAILUZAINA. (Zartailua
ateratzen du kutxatik GAZTEARENTZAT)
Goza ezazue bada gizon honen ausardia eta trebeziarekin! (EMAKUMEAREN txaloen artean, GAZTEAK zartaila eskuan duela domadorearen
erakustaldia egiten du. Ondoren, kaparekin burua estali eta lau hanketara dagoen
IGOGAILUZAINA atera erazten du. Zirko batean bezala ariketa pare bat egiten ditu
GAZTEAK lehoi edo elefantea den IGOGAILUZAINAREKIN. EMAKUMEAK ilusio handiz
jarraitzen du ikuskizuna, txalo eta txalo. Ariketekin amaitu eta berehala
IGOGAILUZAINA atzera doa. Zutitu eta kapa behar den bezala janzten du. Domadorea
den GAZTEAK ikuslegoari agur egiten dio.) IGOGAILUZAINA. Ausardiarik
gorenaren unea iritsi da. Ikusgarria! Lurra zapaldu barik bizi daitezkeen
gizakiak! Ez bakarrik bizi; ibili ere badabiltza lurretik gora! (EMAKUMEAK txaloka jarraitzen du.IGOGAILUZAINA hurbildutzen zaio, zutik
jartzearen keinua eginez. EMAKUMEAK hasiera baten nahi ez badu ere, azkenean,
gozokiak utzita, zutik jarriko da eta eskutik hartuta GAZTEA dagoen aldera doaz.
IGOGAILUZAINA. Ikusi
duzue, ez da hain zaila. Posiblea da goian egotea. Bertan bizitzea. Oinen azpiko
guztiari so egin diezaiokegu maite dugun leku garaienetik. Horiexek dira hain
justu gure babes bakarrak: gure oinak. (Etena). Tira, dagoeneko, heldu
gara! EMAKUMEA.
Nora, baina? GAZTEA. (Urduri)
Behera? EMAKUMEA. (Urduri ere)
Gora? IGOGAILUZAINA.
Nik ere badut etxera joateko eskubidea. GAZTEA.
Eta gu, zer? EMAKUMEA.
Ezinezkoa da, ez da posible. Benetan heldu gara, ala? GAZTEA.
Irten behar al dugu? Ezinbestekoa da? EMAKUMEA.
Horrela, bapatean, inongo abisurik gabe... IGOGAILUZAINA. (Liburua aterata adio egiten die)
Hurrengora arte! (EMAKUMEA eta GAZTEA zer esan jakin gabe ateratzen dira, burumakur eta
goibel) IGOGAILUZAINA.
Aizue! (EMAKUMEAK eta GAZTEAK buelta ematen dute, pozik, egoera aldatuko
denaren esperantzan.) IGOGAILUZAINA. Zerbait
ahaztu duzue. (IGOGAILUZAINAK gozoki eta zartailua erakusten die. Bakoitzak
dagokiona hartzen du. EMAKUMEAK
gozokiak hartzen ditu, ondo begiratzen ditu, baina ez ditu inola ere jaten.
Arraro begiratzen ditu. GAZTEAK antzeko begiratzen du zartaila, berarekin zer
egin ez dakiela. Azken aldiz barrura begiratu eta gero EMAKUMEA eta GAZTEA
igogailutik ateratzen dira. |