Euskalbar 4.0: motor berria jarri diogu Euskalbarri
Denbora luzez motor berarekin ibili ondoren, bazen garaia Euskalbarri kapot azpian zeukana eguneratzeko. Bertsio berri honetarako lan handia egin behar izan dugu Euskalbarren barrunbe guztiak miatu eta berritzeko. Horren ondorioz, orain arte beharbada modu batean funtzionatzen zuen zerbaitek huts egin dezake, baina aurreko portaera bera berregiten saiatu gara.
Badaude aurreko bertsioaren aldean desberdintasun batzuk, esaterako bilaketa konbinatuetan orain ezin dela hizkuntza bakoitzerako hiztegiak aukeratu.
Aldaketa horien ondorioz, bertsio berriarekin berrezarri egingo dira hobespen guztiak; beraz, berriro ezarri beharko dituzue hiztegien hobespenak (barran zein botoi ikusiko den eta zein ez, bilaketa konbinatuetan zein hiztegi kontsultatuko den, etab.) Gogoan izan hobespenak aldatzeko Euskalbarren botoitik egin dezakezuela, edo barraren gainean saguaren eskuineko botoiarekin klik eginez.
Motor-aldaketarekin batera erraztu egin da Euskalbarri hizkuntza eta hiztegi berriak eranstea. Horri esker, errazago integratu ahal izan ditugu hiztegi berriak. Momentuz hauek sartu ditugu:
- Nola Erran FR->EU hiztegia.
- Euskaltermen DE->EU->DE hiztegiak.
- Berriaren estilo-liburua.
- EITBren HIKEA hiztegia.
- Adorezen 5000 hiztegiak (eu-es, es-eu eta sinonimoak) bilaketa konbinatuetan.
- Microsoft Language Portal EN->EU hiztegia.
- Elhuyarren web corpusak.
Bertsio berriaren oharrak hemen kontsulta daitezke.
Euskalbarren zerbait aldatu edo konpontzeko proposamena duen edonork hemen egin dezake iradokizuna.
Azkenik, ez dugu inoiz esan baina hor doa: Euskalbarren garapenean gabiltzanok gure denbora librean garatzen dugu musutruk eta nahi duena libre da gu garagardo batera (edo bazkaritara!) gonbidatzeko. Dohaintza bat ere egin daiteke, hala nahi izanez gero, eta gure webgunearen ostatatzea ordaintzeko erabiliko dugu. 😉
Euskalbar 4.0 from assar on Vimeo.
2013/10/22 / 9:18 am
Androideko Firefoxen instalatzen saiatu naiz (bai ingelesezko bertsioan, baita euskarazko ‘Aurora’ bertsioan ere), eta ezin izan dut. Honen iinguruan zerbait egiteko asmorik bai? Eskerrik asko, dena den, zuen lan eskergagatik
2013/10/22 / 10:28 pm
Kaixo Koldo.
Euskalbar ez dago Androiderako. Moldaketa horrek interfazean aldaketa sakona eskatzen du eta momentu honetan ez daukagu lan hori egiteko nahiko indarrik.
Hala ere, apuntatuta daukagu hemen hurrengo baterako, edo beste inork lan hori egin nahi badu.
Asier.