Zer da Blogak.com?

CodeSyntax enpresak Bitakora blog softwarearekin sortutako blog komunitate bat da. Bizpahiru urratsetan, bloga edonork euskaraz sortzeko tresna bat gehiago, euskarazko Interneteko panoraman.

Proiektu honen helburuetako bat da Aurki.com jario edo feed bilatzailean urrats bat harantzago iristea.

Aurki bilatzaile-direktorio izatetik, albistegi eta jario biltegi automatizatua izatera igaro zen 2005. urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako Jarioa ekimenari esker.

Jarioa proiektuari luzapen bat proposatu genion: Jariatu. Jariorik egon dadin euskaraz, jariatzen jarri behar euskaldunok. Horretarako, blogak sortzeko tresneria automatizatua euskaraz (besteren bat ere bada merkatuan, 2005.eko azaroan sortutako Blogari.net aipagarriena; eta pentsatzekoa da gehiago ere sortuko direla) izatea funtsezkoa zela ikusi genuen, eta, ondoren, blog askotan jario multiforme hori egituratzeko beste metodo bat ere komeni zela: tag edo etiketen bidez, edukia zentzuz antolatzeko arkitektura bat eraiki.

Jariatu ekimenaren hurrengo urratsa, beraz, Blogak.com honetan sortzen diren eduki guztiak Aurkin integratzea izango da, eta tag edo etiketen bidezko integrazioa izango da hori.

Jarioa proiektuak bezala, Jariatu ekimenak ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du. Zehazki, Foru Aldundiko Gizarte eta Erakunde Harremanetarako departamentuaren atal batek, Euskararen Normalkuntzarako Zuzendaritza Nagusiak teknologia berrien alorretarako ematen dituen laguntzen eremuan.