euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Euskal Aste Nazionala, azaroaren 11-13an Necochean; NABO Biltzarra uztailaren 2-3an Chinon

2016/03/17

AEBetako NABOren 2016ko elkarretaratze nagusia Kaliforniako Chinon izango da, SCBC euskal etxea antolatzaile
AEBetako NABOren 2016ko elkarretaratze nagusia Kaliforniako Chinon izango da, SCBC euskal etxea antolatzaile

Behin eta berriro galdetu digute eta artikulu honetara biltzea pentsatu dugu. Noiz dira 2016an Estatu Batuetako eta Argentinako euskal elkarretaratze nagusiak diren Euskal Argentinar Aste Nazionala eta NABO Biltzar eta Festa? Kronologikoki hasita, Estatu Batuetako euskal festa hori, uztailaren 2-3an izango da aurten, Chinon (Kalifornia), Southern California Basque Club-ek antolatua. Eta Argentinako Euskal Astea, azaroaren 11-13an, Necochean, bertako Euzko Etxea antolatzaile. Baina bada gehiago.

Donostia-San Sebastian. Gure irakurleen galderei erantzunez idatzi dugu honako artikulua. Estatu Batuei dagokienez, aurtengo hitzorduak 70th Annual Southern California Basque Club Picnic & 2016 NABO Convention izen ofizialaz bataiatua izan da, eta uztailaren 2-3an egingo da Kaliforniako Chino herrian, Los Angelesaldean, Hego Kaliforniako euskal etxerik zaharrena den SCBC elkarteak antolatua. Izan ere, 1946an sortutako erakundea da SCBC, orduan Southern California Eskualdun Cluba izenarekin sortu bazen ere. Ekitaldi nagusiak Chinoko Fairgrounds-etan (azokagunea) egingo dira.

Xehetasun gehiago Facebook-en topa daiteke, hemen, edota euskal etxe antolatzaileak bere webgunean ekitaldiari zabaldu dion tartean, hemen. Bertan plazaratzen joango dira informazio guztia eta eguneratzeak gertatu ahala.

Estatu Batuetan, baina, beste ekitaldi nagusi eta ezohiko bat izango da uda honetan, eta hein batean data horietan beretan. AEBetako beste puntan, Washington hiriburuko Smithsonian erakunde prestigiotsuak euskaldunei eskainiko die ekainaren 29tik uztailaren 4ra eta uztailaren 7tik 10era, bere Smithsonian Folklife Festival ezaguna, "Innovation by culture" leloarekin aurkeztuz euskaldunak eta Euskal Herria. Lankide izango ditu langintza horretan Bizkaiko Foru Aldundia, baina orohar Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta NABO Ipar Ameriketako Euskal Elkarteen Federazioa. Informazio gehiago hemen topa daiteke.

Argentinako Euskal Astea Necochean

Argentinan, berriz, bertan udaberria delarik eta Ipar Hemisferioan negua, FEVAk (Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuna, bere euskal izen historikoan; Euskal Argentinar Erakundeen Federazioa bestela) azaroko bigarren astean, gehienbat 11-13an (ostiral, larunbata, igandea) egingo du 2016ko Euskal Argentinar Aste Nazionala, Buenos Aires probintzia kostaldeko Necochea herrian, bertako Euzko Etxea elkartea antolatzaile.

Bestean bezala, kasu honetan ere antolatzen ari dira dagoeneko herrialde osoko euskal etxeetan ordezkaritzak bertaratzeko, eta baita ondoko herrialdeetan ere, eta Euskal Herrian, tartean, esaterako, Nafarroa Beherean egoitza duen Euskal Argentina elkarteko bazkide eta lagunak, euren helburua zubilana eta lokarri lana egitea baita Euskal Herriaren eta bere diasporaren artean. Necocheako Euzko Etxeko Facebook-a, hemen; Etxe horretako gazteen ekimena den Hator Hona-ren bloga hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia