euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Ramon Ysursa hil da Boisen, Estatu Batuetan, 95 urte zituela

2015/01/23

Ramon Ysursa (1920-2015). Irudian hil baino urte t'erdi lehenago, bazkaria eskatzeko momentuan Boiseko jatetxe batean (argazkia EuskalKultura.com)
Ramon Ysursa (1920-2015). Irudian hil baino urte t'erdi lehenago, bazkaria eskatzeko momentuan Boiseko jatetxe batean (argazkia EuskalKultura.com)

Ramon Ysursa hil da Boisen. 95 urte zituela. Izan ere bere urtebetetze egunean hil da, azkeneko hilabeteetan beheititu ondoren. Egiari zor, 94 urteak arte osasun eta forma izugarri ona izan du, ezohikoa bere adinerako. Azken aldian nabaria zuen gainbehera eta familia eta ingurukoak tristeturik jabetuak ziren horretaz, nahiz eta espero ez zuten amaiera honela ematea, honelako nahigabeak beti ezustean etortzen baitira. 

(Neroni hamar egun eskas barru nintzen berarekin biltzekoa. Izan ere, bere bizitzari eta bere lekukotasun euskal-amerikarrari buruzko liburuska bat geneukan, daukat, esku artean, elkarrekin izandako berbaldien emaitza. Berri lazgarriak etxetik kanpo bidaia luzean harrapatu nau, baina goizeko ordu txikietan idatzitako lerro hauen bidez ez bada ere gogora ekarri nahi dut Ramon, lagunen aita eta laguna bera ere, gertuko pertsona oso, pertsona ikur eta esanguratsua Boiseko euskal bizitzan eta hainbat jenderen 'aitxitxe' gisakoa zena)

1920ko urtarrilaren 21ean Boisen jaioa, bere aita eta ama Euskal Herritik etorriak ziren Idahoko hiriburura. Benito Ysursak eta Asuncion Camporredondok Boiseko euskal zirkuluetan ezagutu zuten elkar eta 1919an ezkondu ziren. Ramon izan zen euren lehendabiziko haurra, eta 1924ko abenduaren 17an jaioko zen bere arreba Ruby, geroago John Basaberekin ezkonduko zena, 1951ean.

Boiseko euskal bizitzan inportanteak izan dira oso euskal ostatuak, eta Ramon jardunbide horri lotutako familia batean hazi zen. Bere aitak eta haren anaia Tom Ysursak Valencia ostatua zabaldu zuten Boise erdigunean 1940 hamarkada hasieran, eta urte batzuen buruan Ramonek berak segituko zuen ostatuarekin, euskal emigrazioa desagertzen joan eta apopilo eskasiak ixtera behartu zuten arte.

Euskaldun petoa zen Ramon, euskara barra-barra, jator eta Bizkaiko edozein herriko euskaldun zaharrek erabiltzen duten moduan erabiltzen zuen, antigoaleko moldean gainera, herrikoi, adierazmen handiz, eta umore handiz, umore ona ezaugarri agerikoa baitzuen. Berak euskara ezin jatorragoan kontatzen zituen pasadizo eta istorioak entzuteko moduak ziren, istorioengatik eta baita ere kontatzeko zeukan modu adierazgarri eta sinesgarriagatik. Ramon, euskaldun jaioa zen Boisen, bertan umeetako asko euskaldun jaiotzen ziren garai batean. Hiru hizkuntza ikasiko zituen, ingelesaz aparte gaztelania ere ikasi baitzuen eta hiru hizkuntza horiekin makina bat euskal immigranteri lagundu zion bere bizitza osoan zehar, medikura joaten, bankura joaten, zergak ordaintzen edota paper amerikarrak ateratzen.

Luzaroan Ada konderriko langile, nik hiriburu idahotarreko Euskal Etxeko lehendakari zela ezagutu nuen, 1987 edo 1988an. Orduan berarekin, bere emazte Begoñarekin eta seme-alaba John eta Ellie-rekin hasitako adiskidetasunak gaur eguneraino segitzen du.

Hamaika gauza esan daitezke berari buruz, eta argitaratuko dugu gehiago datozen egunetan. Gaurkoan nire errespetua adierazi nahi nion. Eta besarkada bero-beroa bidali bere alargun Begoña Ormaetxeari, John, Ellie eta seme-alaba eta familia eta lagun guztiei. Gogoan izango zaitugu, Ramon.



hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia