euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Basque Fest jaialdiak euskal kulturaz, musikaz eta gastronomiaz beteko ditu Bilboko bazterrak Aste Santu honetan

2016/03/23

Basque Fest 2016 jaialdiaren kartel bat
Basque Fest 2016 jaialdiaren kartel bat

Laugarren urtez jarraian Basque Fest jaialdiak Bilboko plaza eta kaleak beteko ditu, euskal kultura ospatzeko eta gozatzeko, gaurtik aurrera eta igandea arte. Jarduerak Aste Santuan Bilbo ezagutzera datozen bisitariei zein bilbotarrei zuzenduak daude eta aukera zabal zabala da, 140 proposamen baino gehiagorekin: kontzertuak, herri kirol erakustaldiak, erromeriak, erakusketak, antzerkia, eta euskal gastronomiaz gozatzeko makina bat txoko eta gune. On egin!

Bilbao, Bizkaia. Basque Fest jaialdiak kultura erabiliko du Bilbora turismoa erakartzeko tresna bereizgarri gisa, egitasmoaren antolatzaileek aurkezpenean adierazi zutenez. Horrela, jaialdi honek Bilbo eta Bizkaiaren eskaintza turistiko, kultural eta gastronomikoa ezagutzera emango du bai Atlantiar euroerregioa osatzen duten herrialdetan eta baita Euskal Herrian bertan.

Gaurtik hasi eta igandea bitartean 140 proposamen baino gehiago topatuko dituzte Bilbora inguratzen direnek. Arenaleko pasealekua izango da jaialdiaren gune nagusia eta bertan egingo dira jarduera gehienak, baina ekitaldiak hiriko beste zenbait bazterretara zabalduko dira. Esaterako, kalejirak egingo dira Bilboko kale ezagunetan barrena: Ledesma, García Ribero, Pozas, Villarías, Guggenheim inguruan eta Bilbao la Vieja auzoan. 

Arenalean, esan bezala, egingo dira jarduera nagusiak. Bertan egongo da herri kirol eta dantza erakustaldiak hartuko dituen plaza, eta bertan jarriko da ere Gourmet Txokoa. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, txoko honetan kalitatezko euskal gastronomia produktuak eskainiko dira eta 36 produktuen dastaketak egingo dira: txakolina, Idiazabal gazta, atun kontserbak, Ibarrako piperrak...

Kontzertu ugari egingo dira ere hiriko hainbat gunetan. Esaterako, Gontzal Mendibilek bere azken lana aurkeztuko du bihar Azkuna Zentroan: 'Ez dakit dakizun baina' diskoa. Horrez gain Plaza Berrian folk kontzertuak eskainiko dira, besteak beste Jaussi Meeting, Gose, Patxi Perez, Euskal Folk Malandro & Co eta Aiko. Bestalde, kontzertuak egongo dira ere Bilborrocken eta Kafe Antzokian.

Aurten jaialdiak "jaialdi gonbidatu" bat izango du, inguruetako beste jarduera bat ezagutzera emateko helburuarekin. Atal hau inauguratuko duena 'Mundaka FEST Music and Cook festival' delakoa izango da eta Basque Fest abian jarriko duen ekitaldian parte hartuko du, Travellin' Brothers taldeak gaur bertan Azkuna Zentroan emango duen kontzertuarekin.

Euskarak ere bere lekua izangoo du jaialdian, Euskararen Etxera trenez egingo den bisitza teatralizatuarekin.

Egitarau osoa eta jarduera guztien informazioa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia