euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako beste hainbat lekutan bezala, Argentinan ere ospatuko dute Aberri Eguna euskal elkarteek

2016/03/24

2015eko Dantzarien Topaketan, anfitrioien Fandango eta Arin Arin
2015eko Dantzarien Topaketan, anfitrioien Fandango eta Arin Arin

Asteburu honetan –Bazko igandean– hasita, apirila arte luzatuko da Argentinako euskal etxeetan ospakizunen programa. Ekintzak mota ugaritakoak izango dira eta askotan irakurri edo esango da Euskal Aberriaren aldeko hitzik, adieraziz eta aldarrikatuz euskaldunen erabakitzeko eskubidea. Beste batzuetan dataren jai giroko ospakizun hutsa egingo da. Hona, EuskalKultura.com-en jasotako hitzorduen zerrenda.

Buenos Aires, Argentina. Aberri Eguneko ospakizun ofiziala martxoaren 27an bada ere, salbuespenak salbuespen, Argentinako euskal etxe kopuru handi batean finkatuta dago ospakizuna ondoko igandeetan gauzatzeko tradizioa, Aste Santuko oporrak eta gero bazkide eta lagun gehiago bilduko dutelakoan.

Proposamenak, dena den, anitzak dira eta hiri askotatik datoz eta, aldi berean , euskal etxe ugari izango dira baita ere euren deiak datorren astean zabalduko dituztenak. Haatik, dudarik gabe, Argentinako ospakizun oihartzuntsuena Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeak antolatzen duena da, hamarretik gora euskal etxetako gazte ordezkaritzak bildurik.

Cañuelasko Aberri Eguneko Dantzarien Topaketa 10. ediziora iritsiko da aurten, eta apirilaren 2 eta 3an izango da programa honekin: larunbatean, arratsaldeko 7ak aldera dantza emanaldia eta Maral Talde euskal-arrecifestarraren kontzertua herriko plazan. Gauean, erromeria Nekazaritza Elkartean. Igande eguerdian, paella erraldoia Nekazaritza Elkartean. Bazkarian parte hartzeko txartelak, $250 (helduentzat) eta $130 (umeentzat). Txartelak erosteko, telefono hauetara deitu behar da: 02226 15606028 (Daniel Sancholuz) edota 02226 15486554 (Verónica Zulaica).

Cañuelasera bertaratu ezin direnentzat, beste aukera batzuk ere badaude Argentina zehar: Esan bezala, informazioa datorren astean zehar informazio eta xehetasun berriekin osatuko da:

-Arrecifeseko Euskalduna Denak Bat Euskal Etxea: Afaria eta Zinema. Apirilaren 2an, iluntzeko 8:30etan, Amama filma proiektatuko da, Carlos Gabilondoren eskutik eta Iraia Elias protagonista lagun. Ondoren, lagun arteko afaria egingo da.

-Azulgo Gure Txokoa: Bazkari bat prestatuko dute azuldarrek eta martxoaren 27an hiriko hedabideetan Aberri Egunari buruzko artikulu bat argitaratuko dute.

-Bahia Blancako Union Vasca: Apirilaren 3an meza emango da San Luis Gonzaga elizan eta gero bazkaria egingo Euskal Etxean, bertako Otxotea lagun.

-Barilocheko Mendiko Euzko Etxea: Ohiko zeremonia egin du Patagoniako Euskal Etxeak Kolektibitateen Plazan. Horren ostean, otordua eskainiko dute instituzioko lagunek euren egoitzan. Hitzordua apirilaren 2an da.

-Buenos Airesko Laurak Bat: Apirilaren 9an bilduko dira kide eta lagunak Aberri Eguna ospatzera.

-Buenos Airesko Euskaltzaleak: Aberri Eguneko Topaketa apirilaren 8an izango da Euskaltegian

-Cordobako Gerora: Apirilaren 17an bazkari bat egingo dute elkarteko kideek Gas del Estado Sindikatuko aretoan (Sarmiento kaleko 834). Hitzordua eguerdiko ordu 1ean izango da, eta dantzari eta musikariek animatuko dute topaketa.

-Corpus Christiko Eusko Etxea: Aberri Egunean bertan, hau da martxoaren 27an, meza bat eskainiko du Euskal Etxeak. Eliza eta Euskal Etxea ikurrinekin hornituko dira. Arratsaldeko 7etan, topaketa egingo da Euskal Etxeko egoitzan.

-Chivilcoyko Beti Aurrera: Afari berezi bat –enpanadak eta saiheskia– prestatuko dute Chivilcoyko lagunek apirilaren 2an. Aberri Eguna ospatzearekin batera, kideak bildu nahi dituzte Euskal Etxekoek instituzioko aktibitateetan parte hartzera animatzeko.

-Mar del Platako Denak Bat: Apirilaren 10ean, goizeko 10etan, Aurreskua dantzatuko dute Denak Bateko dantzariek San Martin Plazan dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean. Programarekin jarraituz, 11etan meza egingo da hiriko Katedralean, eta Beti Alai taldeko kideek ohorezko goardia egingo dute. Meza bukatutakoan, gazteek euskal dantzak eskainiko dituzte katedral aurrean. Programarekin bukatzeko, bazkide eta lagunek bazkaria partekatuko dute Euskal Etxean.

-Mendozako Denak Bat: Apirilaren 3an izango da mendozatarren ospakizuna. Bazkaria eta Aberri Egunari buruzko bideo eta hitzaldi bat prestatuko dituzte.

-Necocheako Euzko Etxea: bi eguneko programa antolatu du Euzko Etxeak Aberri Eguna ospatzeko. Martxoaren 26an, gaueko 10etan, afaria ‘Betikoak’ Sukaldaritza Elkartean. Menua: arkumea txilindron erara. Martxoaren 27an, 11:00etan, meza Santa Maria del Carmen elizan; 12:00etan, omenaldia eta lore-eskaintza Gernikako Arbolaren aurrean; 12:30etan, txikiteoa euskal etxearen egoitzan.

-Chacabucoko Guillermo Larregui, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak eta La Platako Euzko Etxea Euskal Etxeek bat egingo dute Cañuelasko ospakizunarekin. Hiru  erakundeetako dantza taldeek parte hartuko dute larunbateko emanaldian.

FEVAk, bere aldetik, Aberri Eguneko komunikatua kaleratu zuen atzo.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia