euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Toki Eder Euskal Etxea medio, Oñatik bidalitako 34. kontainerra jaso dute Argentinako Jose C. Paz hirian

2016/03/22

Toki Eder Euskal Etxeko Maria Angeles Oñederra bere lantaldearekin
Toki Eder Euskal Etxeko Maria Angeles Oñederra bere lantaldearekin

Laguntza eta elkartasun programa hau Buenos Aires probintziako Jose C. Paz eta Gipuzkoako Oñat hirien arteko senidetzearen baitan garatzen da eta hamasei urte darama indarrean. Oraingoan jasotako materiala –20 mila kilo zama– Buenos Aires Handian ez ezik, Argentina ipar-mendebaldeko Jujuyn, Saltan eta Tucumanen dauden laguntza gune hartzaileetan ere banatuko da.

Jose C. Paz, Argentina. Martxoaren 9an eskuratu zituzten Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeko kideek Oñatitik iritsitako kontainerraren edukiak: arropa, oinetakoak, eskolako materiala, liburuak eta margoak, objektuetako batzuk aipatzearren.

Iristen den kontainer bakoitzarekin egiten den legez, Toki Ederreko Maria Angeles Oñederrak antolatutako koadrila batek jaso eta bereizi zuen materiala gero dagokion lekura bidali ahal izateko. Zati handi bat Jose C. Paz eta ondoko San Miguelgo hirietako laguntza gune hartzaileetara; besteak, Jujuy, Salta eta Tucuman probintzietara helaraziko dira Jose C. Pazetik.

Proiektuaren alma materra den Maria Angeles Oñederrak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “proiektu solidario honen parte handi bat guk hemendik egiten dugu. Alde batetik, beharrezkoa den kudeaketa lana kontainerra jasotzeko. Bestetik, lan gogorra daukagu materiala eskuratu eta banatzeko. Pentsa, oraingoan, esaterako, 20 mila kiloko zama jaso dugula, 960 kutxa… koadrila gogotsu bat behar da lan hori egiteko. Eta gustura egiten dugu”.

Datozen hilabeteei begira, 35. kontainerra espero dute josecepaztarrek ekain-uztailerako. “Eta zoritxarrez, ez dakigu azkena izango ote den… Oñatiko jendea beti bezala prest dago laguntzekin jarraitzeko; baina hemengo traba administratiboak direla-eta oso zaila egiten zaigu kontainerreko gauzak portutik ateratzea… dirutza ordaindu behar da, eta horrela ezin da laguntza lana egin. Oraingo 34. kontainer hau irailean iritsi zen eta orain arte, martxora arte ezin  izan  dugu eskuratu; zaila da benetan lan solidarioari jartzen dioten oztopo hauei aurre egitea”, adierazi digu Oñederrak. “Hala ere, itxaropena dut eta agian gauzak aldatuko dira eta jarraitu ahal izango dugu, hemengo behartsuen onuragatik”.

Gogora dezagun laguntza hau Argentinako azken krisialdi ekonomiko handian, 2001ean, hasi zela, Jose C. Pazek eta Oñatik sinatutako senidetze akordioari esker. Izan ere, Euskal Etxeak esker beroak luzatu nahi dizkie Oñatiko Udala eta herriari eta baita ere Argentinan bere ekarpenari esker programa hau ahalarazten dutenei.

Euskal Etxeko programa kulturala

Dudarik gabe, proiektu solidarioa lehentasuna dute Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxekoek. Baina euskal etxe gisa ez da euren proiektu eta zeregin bakarra. Izan ere, laster abiaraziko du elkarteak euskal kultura zabaltzeko aurtengo ekintza sorta. Urtero bezala, 2016 honetan hitzaldiak, tailerrak, dantza eta euskara klaseak eta zine zikloa ere eskainiko dizkio erakundeak Jose C. Pazeko herriari.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia