Donostia-San Sebastian. Hona hitzez hitz bere osotasunean Etxepare Euskal Institutuak Alex Mendizabali luzatutako gutunaren testua:
Associazione Culturale Euskara-k urteak daramatza Erroman euskararen inguruan lan egiten, eta horregatik aurten Eusko Ikaskuntzaren ENE saria jaso izana albiste pozgarria da oso.
Sariaz hitz egiteko adierazpenetan, ordea, elkarteko arduradun Alex Mendizabal ez da pozik agertu Etxepare Euskal Institutuarekin izandako harremanaz.
Euskararen irakaskuntzari dagokionez, HABEk Euskal Etxeetako euskaltegien sarea kudeatzen duen bezalaxe, Etxepare Euskal Institutuaren egitekoa unibertsitate mailako irakaskuntzan datza. Testuinguru horretan, 2014. Urtean. Etxeparek Erromako UPTER zentroari babesa emateari utzi izana ez da inondik ere “inongo eztabaida edota hausnarketarik” egin gabe hartutako erabakia, Mendizabalek adierazi duen moduan. Azken ordainketa ez zitzaion egin, gastuen justifikaziorik iritsi ez zitzaigulako. Urte horretan, 2014an, erabaki zuen ACEk Roma 3 unibertsitatean eskolak eskaintzen hastea. Bertako eskaintza, 18 ordu bakarrik seihilabeteko bakoitzean, kurrikulumetik kanpokoa, unibertsitateko ikasleentzat nahiz bertaratu nahi duen edonorentzat irekitako eskolak dira. Gainera, eskola hauek badute bere finantziazioa, HABEren eskutik datorrena, Etxepare Euskal Institutua txertatuta dagoen Eusko Jaurlaritzako departamendu beretik, hain justu.
Etxeparek Euskara eta Euskal Kultura irakasleen sarea kudeatzen du munduko unibertsitateetan. Horietan kurrikulu barruko eskolak lehenesten ditugu eta edozein unibertsitatetan onartuta dauden prozedurak jarraitzen (ikerketa sustatuz, biltzarrak antolatuz, beste sailekin kolaborazioak eginez, etab. ) Institutuaren helburuetariko bat dauzkan baliabidean ahalik eta hoberen kudeatzea da; eta nahitaez, baliabide horiek mugatuak dira. Urtetik urtera hobetzeko ahaleginean jarduten du Institutuak, eta hori dela eta emaitzak, bikaintasun akademikoa eta kurrikulumean duen presentzia lehenetsi beharrean dago. Azken urteotan ikasleen matrikula kopurua % 52 igo da.
Bestalde, azken bi urteotan ACEren beste egitasmo batek, Libe argitaletxeak, itzulpenak egiteko diru-laguntza jaso ez izanaren arrazoiak ere garbiak dira oso: 2014ko deialdian argitaletxeak epez kanpo aurkeztu zuen dokumentazioa; 2015ekoan, ez zegoen egitasmo guztiak diruz laguntzeko adina aurrekonturik, eta beste eskaera batzuk gorago kokatu ziren zerrendan. 2013. urtean, berriz, argitaletxea sortu berritan, 3 argitalpen lagundu zituen diruz Etxeparek.
Gardentasuna eskatu behar zaio Etxepareri, jakina; hala eskatzen zaio eta hala erantzuten du Institutuak beti, kudeaketaren xehetasun guztiak argitasun osoz emanez, bai erakundearen Zuzendaritza Batzordearen eta Patronatuaren, bai Eusko Legebiltzarraren aurrean. Gure kontuak eta jarduerak publikoak dira, eta halaxe justifikatzen: publikoki. Eta Institutuak beti izango ditu ateak zabalik, edonoren zalantzak argitzeko edota eztabaida jatorrean aritzeko. Gure aldetik sariagatik zoriondu nahi ditugu, eta etorkizunean elkarlanean garatzeko proiektuak lantzeko aukera izango dugulakoan, agur t´erdi.