euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Nor gara

EUSKALKULTURA.COM euskal diaspora eta kulturaz espezialdutako buletin eta webgunea da, Euskal Herriaren eta munduan barreiatutako euskal komunitateen arteko zubilana egitearren sortu eta garatua. Diasporan jaio edota bertan lotura sendoak dauzkan jende talde txiki batek abiarazitako ekimena da, ikusirik gero eta interkonektatuagoa eta globalizatuagoa den mundu honetan euskal kulturak behar dituela eskuratu bere tresna eta lanabes propioak bere buruaren berri normaltasunez emateko eta informazio eta komunikazio alorreko ahalegin horrek behar dituela bildu zazpi probintziak ezezik munduan zehar gure kultura eta identitatearen aterkipean lanean ari diren euskal komunitateak eta Diasporako euskaldunek amankomuneko euskal ondare, kultura eta erkidegoari egiten dizkioten ekarpenak.

EUSKALKULTURA.COM ekimen independentea da eta, euskal diasporari buruzko komunikabide gisa, bere izaera eta engaiamendua bi alor hauetan kokatzen du: kazetaritza alorreko produktu ahalik eta duinena egitean, batetik, eta euskal kultura eta diasporaren aldeko konpromisoan, bestetik. Ez dauka menpekotasunik inongo alderdi edo iritzi talderekin eta bere jardunean euskal kultura eta Diasporarekin zerikusia duten ekimenen berri ematen du bereizkeriarik gabe. Finantziabidea, instituzioetatik lortzen saiatzen den dirulaguntzak ditu, eta publizitateagatik eskuratutako sarrerak. Honek esan nahi du helburuz, eskarmentuz eta izaeraz proiektu sendoa bada ere, ekonomikoki urtero urtero behar duela borrokatu aurrera egin ahal izateko. Urte hauetako egoera ekonomiko orokorrean ez ditu momentu goxoak bizi eta gaur egun instituzioen aldetik laguntasun minimo bat segurtatzearen alde ari da lanean eta, publizitate bidezko sostenguari dagokionez arlo horretako sarrerak areagotzen saiatzeko apustua ari da egiten, geroari --geroari ezezik orainari, eguneroari-- eutsi ahal izateko.

Bere ibilbide eta historiari dagokionez, paperezko bertsioan agertu zen lehenik. Izan ere, Euskal Kultura buletina, Euskal Fundazioa --Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioa-- erakundeak bultzaturik, 1998an Txileko Santiagon argitaratzen hasi zen, zabalkundea Ameriketako zenbait herrialdetan zuela, batez ere Txile, Argentina eta Uruguain, baina baita ere Venezuela, Panama, Puerto Rico, Mexiko eta Estatu Batuetan. Paperean bizitza mugatua izan zuen eta internetera 2001ean jaio zen.

Geroztik, eta gaur egun ere, munduko euskal komunitateetatik amankomuneko euskal kulturari, baina baita ere bakoitza bizi den tokiko gizarte eta herrialdeari egiten zaizkien ekarpenak islatzen saiatzen segitzen du lanean, zinez pentsatzen baitu(gu) euskal etxeen jardunak eta euskal koordenadetatik munduan egiten diren ahaleginek tokian tokiko biztanleen garapena eta bizitza kalitateari laguntzen diotenean lortzen dutela zentzu osoa.

Ekimenak ezinbesteko azpiegitura profesional minimoa dauka eta munduko euskal bazterretan euskalgintzan lanean diharduten kolaboratzaile bolondresak ditu oinarri, giltzarri eta zimentarri, lankide ari garen guztiok konpartitzen ditugun zerbitzu izpiritua eta ilusioa baitira proiektuarekin aurrera segitzeko dugun akuilu eta indar nagusia.

Ekonomikoki, dirulaguntza batzuk jasotzen ditugu eta laguntzaile ditugu Eusko Jaurlaritza eta baita ere Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta hein apalagoan Etxepare Institutua eta Euskal Kultur Erakundea. Horiek dira behintzat 2015erako prebisioak. Gure helburua litzateke akordio marko bat sinatu ahal izatea, laguntza horiek aurretik finkatu eta ziurtatu ahal izateko eta duintasun ekonomiko maila normalizatu batera iritsi ahal izateko.

Esan, azkenik, ateak zabalik dauzkan ekimena dela EUSKALKULTURA.COM. Jende askoren ahaleginari esker kaleratzen da, eta jende askoren lanaren, ilusioen eta dedikazioaren berri ematen du. Lankide izan nahi baduzu eta bizi zaren tokiko berriemaile bilakatu, edo publizitatea ipiniz gu lagundu, edo zure inguruan gure berri eman edo beste edozein gisara gu sostengatzeko modua ikusten baduzu, esaiguzu, euskal kultura eta diasporarekin engaiatutako hainbat jendek aurreratzen dugun proiektua baita honakoa eta zinez estimatuko baitugu zure laguntza.

Joseba Etxarri
zuzendaria/director



© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia