euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Bideoak

Boiseko (AEB) Biotzetik Abesbatza Eguberri kantuz - 2009ko Abendua

2009/12/21

Urtero abenduan eskaintzen duen Eguberri emanaldia gauzatu berria du Boiseko (AEB) 'Biotzetik' abesbatzak, joan den 9an, Idahoko hiriburuko St Mary elizan, "Gabon Onak: A Basque Christmas" izeneko egitarauaren barne. Patty Gabica Haas-ek zuzendurik, 'Aintza Zeruan' da bideoan erakusten digun kantua. Boisetik, bertako euskal ohiturei jarraiki.

Bideoa ikusi


Euskal Herrian euskaraz... baita Polonian ere?

2009/12/07

Zalantzarik ez da lan ona egin duela eta bertakoen errepertorioa euskal kantuz hornitu eta aberastu duela Juan Carlos Subijanak Gasteiztik Poloniako Poznan-era joan den udan egindako bisitan eta emandako ikastaroan. Emaitza ikus eta entzun besterik ez da egin behar. Hona 'Euskal Herrian euskaraz' kantua, Poznango musika ikasle talde honek joa, Juan Carlos Subijana irakasle. Kantua biodeoko 56. segunduan hasten da.

Bideoa ikusi


Madrilgo Euskal Etxeko Abesbatza Gernikako Arbola kantatzen

2009/11/22

Madrilgo Euskal Etxeak omenaldi berezia egin berri dio iaz hil zen elkarteko lagun, fundatzaile, lehendakari ohi eta betidaniko langile bolondres eskuzabal eta umoretsu izan zen Pello Aranbururi. Izan ere, 'Pello Aramburu' (sic) izena eman dio bertako Ekitaldi Aretoari, Madrilen finkatutako donostiar ekimentsuaren heriotzaren lehenengo urteurrena gertatzearekin batera, joan den irailaren 2an eginiko elkarretaratzean. Ekitaldi horretan agerraldia egin zuen berrabiatu berria den Madrilgo Euskal Etxeko abesbatzak. Bideoak abesbatza Gernikako Arbola kantatzen erakusten digu, Euskal Etxeko harrerako eskilaretan.

Bideoa ikusi


Saint Pierre-ko (Ipar Amerika) Euskal Festa eta herri kirolak

2009/10/29

Urtero egiten dute Saint eta Miquelon-en (geografikoki Kanada ondoan kokatuta egonik politikoki Frantziako parte diren uharteak, historian zehar euskal tradizio handikoak), Saint Pierreko erdigunean dagoen euskal pilota plazan eta inguruetan, bertako Euskal Festa. Agorrilean, abuztuan, izan ohi da, aurten abuztuaren 23a igandea zuen astean. 'Force Basque' (Euskal indarra) delakoak eta euskal herri kirolek oihartzun berezia lortzen dute. Baita pilota partidek, euskal dantza erakustaldiek, euskal janariak eta musikak, nahiz eta bideo honetan herri kirolen arloa bereziki azpimarratzen den (bideoa Claude Reitz).

Bideoa ikusi


"Regresa - Asko Maite Zaitut" film mexikarrak euskara dauka ardatz

2009/10/14

'Regresa - Asko Maite Zaitut' (sic) da film mexikar honen izenburua. Komedia erromantikoa da, Mexikon eta Euskal Herrian errodatua. Protagonistak (Blanca Soto aktoreak), hipnosia medio, Nafarroako Erresumako printzesa bat dela sinetsiko du eta euskaraz bakarrik hitz egiten hasiko da Mexikon. Bere senarrak ahal duen guztia egingo du emaztea berreskuratu eta harekiko harremana mantentzearren. Euskara, beraz, filmaren erdian, aise ikusten den film honetan. 2 minutu eta 3 segundu irauten dituen tailerra da hona ekarri duguna.

Bideoa ikusi


Jauzi Eguna, euskal dantzaleen eguna Buenos Airesen

2009/08/25

Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak, Eusketxek, bere lehenengo Jauzi Eguna antolatu zuen joan den abuztuaren 22an, larunbata, Mexiko 1880ko euskal egoitzan, bertako Ekin Dantza Taldearekin batera. Aitor Alava dantzaria gidari, Joxe eta Janine jole, bateko eta besteko dantzak jo eta dantzatu ziren, jauzi eta mutxikoekin batera, polkak eta, oro har, partaidetza dantzak (bideoa Cris Cordara).

Bideoa ikusi


Iparraldeko Zpeiz Mukaki taldea San Frantziskoko Euskal Etxean

2009/08/12

Honako irudiak Ipar Euskal Herriko 'Zpeiz Mukaki' taldeak joan den agorrilaren 2an San Frantziskoko 'Basque Cultural Center' delakoan eginiko emanaldiari dagozkio. Ez dira Zpeiz-koak talde batere tradizionala, nahiz eta bistan denez tradizioak presentzia handia duen heien jardunean. Arropetatik hasiz [eskoziarren kilt antzeko bat janzten dute] eta dantza urratsekin, musikekin eta erritmoekin segituz, nahasketa eta konbinazioa daukate ezaugarri. Dantzari, jole eta animatzaile handiak dira. Irudiak eta edizio lana Philippe Acheritogaray-renak dira.

Bideoa ikusi


'Hegoak' edo 'Txoriak txori' Argentinako Villa Mercedestik kantatua

2009/07/21

Euskal kantutegiko piezarik ederrenetako bat da 'Txoriak txori'. Joxanton Artze poetaren hitzak eta Mikel Laboaren doinua edo airea daraman kantu hau Euskal Herrian ezezik mundu osoan kantatzen dute hamaika jendek, eta baita abesbatzek ere, euskaldunak gehienak, baina ez-euskaldunek ere maite dituzte hitz xinple eta aldi berean zorrotz horiek, maitasunaren izaeraren inguruan. Bideo honetan kantari, Argentinako Villa Mercedes herritik, Camerata de la Luna abesbatza, Villa Mercedesko Euskal Etxeari atxikitako taldea.

Bideoa ikusi


Honela iragartzen dute Nevadako Elkon bertako Euskal Jaia

2009/07/06

Honela iragartzen ditu Estatu Batuetan, Nevadako Elkoko Merkataritza Ganberak bertako Euskal Jaiak. Urtero, elkarrekin egiten dira euskal jaia eta '4th of July'-ko ekitaldiak. Larunbata da egun nagusia eta egunean zehar kabalkada, euskal kirolak, dantzak eta erakustaldiak ikusi ondoren, euskal jatetxe batean afaldu eta berbenara dantza egitera joateko tenorea heltzen da, edo Estatu Batuetan hain ohikoak diren 4th of July-ko suziriak ikusteko. Edo dana batera.

Bideoa ikusi


San Juan Sua eta Sorgina erretzea Necocheako Euskal Etxearen eskutik

2009/06/30

Euskal Herriko hainbat lekuetan bezala, Necochean, Argentinako Buenos Aires probintzia hegoaldean, bertako euskaldunek San Juan Sua ospatzen dute, eta Sorgina erraldoi baten irudia ere erretzen dute, euskal dantzez eta euskal musika nagusi den testuinguru batean. Hona Necocheako Euzko Etxeak aurten bertan gauzatutakoaren lagintxo bat.

Bideoa ikusi


© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia