Euskaraz 2015

Euskaraz eta frantsesez :     programme_page_par_page

 

gerezien

Gerezien denbora beti oraikoa dugu !

Hogoi urte sorkuntzan eta elkarretaratzeetan Artzamendi eta Arranomendien pean, Itsasun !

Orroitzapenak buruan elkar joka ari zitzaikigu eta murru batzuk behar litaizke izen guziak idazteko, 1996tik goiti orain arte Errobiko Festibalerat etorri diren musikari, dantzari, kantari, antzerkilarien izenak idazteko… Ainitzek erranik, heien emanaldi eta kontzertu hoberenetarik hemen eskaini dituzte festibal hunen publiko fidelaren aintzinean, zinez eskertuz publiko berezi baten entzuteko manera sakona.

Bai, murruak behar litaizke Errobiko Festibalerat etorri diren olerkari, erlezain, filosofo, artzain, arrantzale, langile, kirolari, idazle, margolari, ekai artista eta beste emazte ta gizonen izenak idazteko. Hunat etorri dira, bizirik iraunten duten leku hauetarat, heien ikus moldeak erraiteko, besteekin harremanetan sartzeko gure herri eta jendearteko galdera gogor eta baitezpadakoak elgarrekin aztertzeko. .. Inguru guzietan, bereziki udan, ditugun festibal eta kultur manifestaldi konsumeristetik urrunduz, Errobiko Festibala hats libre baten espazioa lantzen du… bederen entsaiatzen da lantzen. Sortzen du harremanen espazio bat, sorkuntza libre baten espazio bat, nun ezinbesteko trukada batean, kultura emaiten eta hartzen da, zinez beharrezko altxor bat bezala, bai ogia bezain beharrezkoa, bai airea bezain beharrezkoa.

Atekagaitzen, Urzumun, Atharrin, Atharriren pentzean, Sanokin, ostatuen terrazetan… sorkuntza artistikoan protagonista den paisaia eder baten aintzinean, bozkariatu eta loriatu gira, entzuten egon gira, dantzatu dugu, elgarrekin edertasuna ospatuz, sorkuntzan ateratzen den edertasuna … euskaldun, erdaldun eta kanpoko artisten artean… euskaldun, erdaldun eta kanpoko publikoen artean… Eta hastapenetik berifikatu dugu gure euskal kultura, galtzeko ordez, garatzen eta indartzen dela beste kulturekin igualtasunean harremanetan sartzen delarik.

Gure lehenbiziko edizioan, Itsasuko herriaren sartzean, banderola batean idatzi ginuen Josean Artze olerkariaren poema :

Iturri zaharretik edaten dut – Ur berria edaten – Beti berri den ura – Betiko iturri zaharretik”

Lan egin dugu, eta segitzen, kulturazko forma berri batzu sorarazteko, halere ohiduraren haria segituz, bainan ez lehengo formak sakralizatuz, beti Jacques Berque-en hitzak buruan :

« Ez aintzinakoa beti terrenta bera errepikatuz, bainan berrikuntza betikoa berritz aurkituz »

Sustraituak eta munduari idekiak, sustraituak eta etorkizunari begira… Edouard Glissant-ek aipatu duen « harreman-identitate » aldakor eta hauskor, bainan aberats eta kreatzaile den harreman-identitate batean, bakotxa eta besteen bidekurutzean. Gure jarrera errotik ez konformista dugu eta irriskuak hararazten gaitu… bainan gu bezalako artista eta artisten adixkideak badira dozenaka munduan, gu bezala baitezpadako artistiko sorkuntzaren abentura lantzen ari… ezagutzen ditugu zonbeit eta laguntzen gira.

Hats luze bat hartu behar zen Errobiko Festibala iraunarazteko hainbeste denbora diru ahal eskas batzuekin, eta ez ditugu hemen idazten ahal laguntzaile guzien izenak, Ezkandrai elkartearen ondoan, urtero 1996-etik goiti, etorri direnak festibala xutik atxikitzeko…

Errobiko Festibalak bere bidea segitzen du, harremanak jarraikiz gure hitzordurat etortzen zirezten zuek guziekin, kuraia eta ideiak emaiten dauzkiguzuelakotz aintzinarat joaiteko… Bihotzez, milesker deneri !

Ezkandrai elkartearen bulegoarekin, Beñat Achiary, artistiko zuzendaria

 

©-Cristian-martinez