euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tristerik bukatu delako: Ia mila pertsonako bazkariarekin amaitu zen atzo Necochean 2016ko Euskal Argentinar Aste Nazionala

2016/11/14

Igandeko dantzarien alardean parte hartutakoen talde argazkia (argazkia EuskalKultura.com)
Igandeko dantzarien alardean parte hartutakoen talde argazkia (argazkia EuskalKultura.com)

Asteburu osoan Necocheako Euskal Etxea eta herriko zenbait kale eta esparru kolore txuri-gorri-berdez jantzi dira Argentinako bazterretako eta inguruko Uruguai, Brasil eta Txileko lagun eta partaideak ere errezibitzeko. Gaur argitaratzen dugun laburpen eta argazki galeria orokorraz gain, EuskalKultura.com-ek datozen lau egunetan artikulu eta argazki-galeria eta bideo-sorta bana argitaratuko du egunero Necocheako Euskal Asteak eman duenaren isla emanez. Hasi gaurkoarekin eta on egin, irakurle!

Necochea, Argentina. Argentina osoko dantzari, musikari eta partaideak; Uruguai, Brasil eta Txileko euskal komunitateetatik etorritako lagunak; Euskal Herriko ordezkaritza instituzional eta artistikoa... Europako eta Ameriketako euskaldunek bat egin dute joan den asteburu osoan Necochean, Argentinako Euskal Aste Nazionalari beste edizio arrakastatsu bat emanez.

Ostiralean, Necochea bertako Hator Hona gazteen programako hitzaldi batek eta Gure Esku Dago ekimeneko beste batek markatu zuten asteburuko ekintzen hasiera, hiriko Paris antzokian eskaini zen Kalakan hirukotearen kontzertuarekin batera. Ostiral eta igande gauez, Bergaratik etorritako Emon taldekoek markatutako erritmoek alaitu zituzten erromeriak. Baita Patxi Perez eta bere musikari lagunek Iparraldetik ekarritakoek ere, edota Euskal Etxeko tabernan bateko eta besteko lagunek inprobisatutako kantu eta dantza saioek.

Herri bakar baten agerpen eta adierazpena

Bere adarrak herrialde eta kontinenteen gainetik zabaltzen dituen herri baten festa giroko agerpen eta adierazpena izan da joan den astean Necochean bizi izan dena. Protagonista nagusiak, Argentinako hamaika herri eta hirietatik bertaratutako euskal etxeko kide, dantzari, ordezkari eta baita euskaldun solte ere, arbasoek transmititutako euskal garra elikatu eta partekatzera. Eta eurekin bat egitera bildutako Uruguai, Brasil eta Txileko lagunak (leku horietakoak bederen ikusi eta agurtu genituen).

Aurtengoan, kopurutsua izan da Euskal Herritik etorritako ordezkaritza, bakoiza bere kasa. Iparraldeak presentzia polita izan du, Euskal Argentina elkarteko lagunak medio. Bertan topatu dira, esaterako, Patxi Perez lapurtarrarekin eta bere musikari lagunekin, bira egiten ari baitira Argentinako zenbait lekutan. Ahaztu gabe, Kalakaneko hirukotea. Jardunea dagoen Jaurlaritzako ordezkari, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Jaurlaritzak Buenos Airesen duen Ordezkaritzako buru Sara Pagolarekin batera. Necochean zen baita ere EH Bilduko Jasone Agirre parlamentari bizkaitarra, euskal komunitate eta etxeetako kide eta ordezkariekin kontaktatzen.

Eta jende gehiago, hala nola Hernanitik eta Azpeititik iritsitako bi talde, dantzari eta kantariak, adin batekoak baina sasoin ederrean zeudenak, ekarpen baliosa eginez elkarretaratzeari. Horiei buruz eta elkarretaratze handi honetako gainerako ekarpen eta partaidetzei buruz hitz egingo dugu aste honetan Necochean gertatukoaren kronika eginez egunero argitaratuko ditugun test eta irudi kroniketan. Kronika xehetua, beraz, bihartik aurrera. Gaurkoa, laburpen ookorra da. Ikus beheko argazki galeria:


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia