euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jardunbideagatik gailentzen diren euskal jatorriko hiru lagun sarituko ditu gaur Juan de Garay Fundazioak

2016/11/24

Beatriz Aguirre-Urreta Biologia eta Geologia doktoreak jasoko du Fundazioaren saria (argazkia La Nación)
Beatriz Aguirre-Urreta Biologia eta Geologia doktoreak jasoko du Fundazioaren saria (argazkia La Nación)

2016ko programarekin jarraituz, afari instituzionala egingo du gaur Benos Airesen Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioak. Afariaren baitan, euskal gizataldeko hiru laguneri egingo die omenaldia; aurtengo hautatuak Horacio Larre Oroño, Roberto Landaburu eta Beatriz Aguirre-Urreta dira, “bakoitza bere lan esparruan nabarmentzeagatik”. Azaroaren 29an segituko du Fundazioak bere ekintzen egitarauarekin Gaztemundu programari buruzko hitzaldi bat eskainiz.

Buenos Aires, Argentina. Buenos Aires hiriburuko Pur Sang aretoan elkartuko dira gaur Juan de Garay Fundazioko kide eta lagunak erakundearen urteroko afarian parte hartzeko. Kalitate handiko menua eskaintzeaz gain, euskal musikarekin eta kantekin animatu dute gaua antolatzaileek. Izan ere, Juan Cornejo kideak abesti tradizionalak abestuko ditu eta trikitixaren soinua ere ez da faltako.

Ekitaldian, euskal sustraiak dituzten hiru lagun sarituko ditu elkarteak: Fundazioaren diruzaina izan zen Horacio Larre Oroño, automobilen industriako bere ibilbide luzeagatik; Roberto Landaburu abokatua, historia liburuak –tartean Vascadas izeneko bat– idazteagatik; eta Bunge y Born delako saria jaso duen Beatriz Aguirre-Urreta doktorea, izen handiko paleontologoa bera. Afaria Pur Sang aretoan izango da, Quintana kaleko 191. zenbakian, iluntzeko 8:30etan.

Gonbite honekin batera, Fundazioko lagunek jakinarazi dute euren berrogei ekintzako programarekin jarraitzen dutela eta testuinguru horretan hitzaldi berri bat eskainiko dutela datorren asteartean, elkartearen egoitzan. Oraingo hitzaldiaren gaia 2016ko Gaztemundu beka izango da eta Fundazioaren izenean parte hartu zuen Javier Beramendik emango du. Aktibitatea arratsaldeko 6:30etan izango da, Juan de Garay Fundazioko instalazioetan, Roque Saenz Peña etorbideko 846. zenbakian.

Juan de Garay Fundazioaren Facebook kontuan --Fva Juan de Garay-- urte osoan emandako hitzaldien laburpena segi daiteke. Kasu batzuetan hitzaldian aurkeztutako materiala ere eskuragarri dago kontuan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia