Necochea, Argentina. Iragarritako egitarauari jarraituz, ostiralean hasi ziren Euzko Etxean 2016ko Euskal Aste Nazionaleko ekintza nagusiak. Herrialde osoko euskal etxeetako ordezkaritzak ostiral goizean hasi ziren iristen eta egunean zehar parte hartzaile ia guztiak Necochean zeuden deia.
Proposamen politak plazaratu zituen egitarauak ostiralerako... jolasak parkean, hitzaldiak, Kalakan taldearen kontzertua eta erromeria. Kontzertua, espero zen legez, oso arrakastatsua izan zen. Txalo ugari jaso zituzten artistek, Kalakan taldeko musikariek eta baita Iparraldeko hirukotearen aurretik kantatu zuten Necochea bertako Osasuna Otxotekoek ere.
Necocheako Osasuna Otxoteak kantatutakoen hautua, tartean "Guk euskaraz zuk zergatik ez".
Kalakanen Paris antzokiko kontzertuko momentu hautu batzuk, jendearen txalo zaparradapean (bideoak EuskalKultura.com)
Larunbat goizean bilera instituzionalak egin ziren: FEVArena, euskal etxeetako liburazainena, mus erreferenteena eta dantza zuzendariena. Bilerez gain, Memoria Bizia proiektuan lan egiten ari direnentzako tailer bat ere egin zen. FEVAren bilkuraren ostean, Eusko Jaurlaritzako manatariak bildu ziren euskal etxeetako ordezkariekin eta goizeko ekintzekin bukatzeko ‘Ruta del Inmigrante Vasco (Euskal Etorkinaren Ibilbidea)’ izeneko proiektua aurkeztu zuten Argentinako Gobernuko Aniztasun eta Multikulturalismo Zuzendaritza Nazionaleko kideek.