euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal komunitateko partaide bat Nevadako hegazkin istripuan hildako lau pertsonen artean

2016/11/21

Elkoko hegazkin istripuan hildako eskifaiako hiru kideak: pilotoa eta bi osasun teknikariak (argazkia Ktvn.com)
Elkoko hegazkin istripuan hildako eskifaiako hiru kideak: pilotoa eta bi osasun teknikariak (argazkia Ktvn.com)

"Dantzaria eta betidanik euskal komunitateko kidea" zen Tiffany Urresti, joan den ostiral gauean Nevadako Elkon doi-doi aireratu ondoren lurra jo zuen hegazkin medikuak (aire-anbulantziak) izandako istripuan hilik suertatutako 29 urteko erizaina. Albisteak gogor kolpatu ditu Nevada eta Utah-ko euskal komunitateak. Tiffany Urresti Elkoko Euskal Etxeko partaide zen, Ariñak dantza taldeko dantzari izana eta NABOko lehendakari ohi Mary (Urresti) Gaztambideren iloba txikia. Ahaide eta lagunei gure dolumina, bereziki Urresti, Gaztambide eta Cassingham familiei.

Elko, AEB. Istripua hegazkin-anbulantziak lurra utzi eta oso gutxira gertatu zen Elkon bertan, eta aparkatuta zeuden auto eta pikapa batzuen gainean edo kontra erori zen, guztiak sua hartuz. Gaua zenez, garrak berehala nabaritu ziren. Hegazkian zeramatzan lau petsonek ez zuten batere aukerarik izan eta instantean hil ziren: pilotoa, bi osasun teknikariak eta gaixoa.


Bideoa istripuaren berriarekin, eta Tiffany Urrestiren argazkia

Hildakoak Jake Shepherd eta Tiffany Urresti osasun teknikariak dira, pilotoa,Yuji Irie, eta gaixoa, Edward Clohesey.

Elko biztanlegoaren zati esanguratsu bat euskal jatorrikoa duen herria da Nevadan. Urresti familia oso ezaguna da bertan, euskal komunitateari dagokionez baina baita komunitate orokorrari dagokionean, Tiffanyren aita beragatik eta Tiffany ere bertako suhiltzaile bolondresa izanik. 29 urte zeuzkan.

Urrestitarrak Nevadan ezezik, Utah-n ere bizi dira eta NABOko lehendakari ohi Mary Gaztambide Urresti zen Jean Gaztambiderekin ezkondu arte, eta hildakoaren izeba txikia. Albistea kolpe latza izan da Elko herrian eta oro har euskal komunitatean. Bertako iturriek esan dutenez, duela gutxi ezkontzeko hitzemana zegoen Tiffany.

Asteburu osoan sare sozialak gori-gori ibili dira, bereziki euskal zirkuitoetan, ezin sinetsian eta elkarri animoak ematen.

Lerro hauetatik, besarkada zintzo eta bero bat familiari eta lagunei, bereziki bere familia zuzenari eta Mary Gaztambideri. GB.



Komentarioak

  • GB

    Familiari gure doluminak. Goian Bego

    Martin Aguirre, 2016/11/21 17:00

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia