Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria

Informazioa

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzen Saria. Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Saria 1995ean eratu zen jardueran dauden Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien alorretako pertsona ospetsuak ohoratzearren, alor horiek adierarik zabalenean ulerturik. Sarituriko pertsonaren obra osoak Euskal Herriko garapen kulturalean modu eraginkorrean lagundu behar izan du.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren saria 2016

Euskal Autonomia Erkidego eta Nafarroako autoritate nagusiak, Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos, izan ziren buru Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien 2016ko saria Javier Echeverría Ezponda filosofo eta ikerlariari emateko ekitaldian.

Donostiako Miramar Jauregiko Julio Caro Baroja aretoa ia beteta egon zen. Legebiltzarreko Lehendakari Bakartxo Tejeria, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua,  Cristina Uriarte, izan ziren bertan, bai eta Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano eta akademia, kultura eta gizarte alorreko ordezkari ugari ere.

 

 

Javier Echeverría sari hau lortzen duen hirugarren nafarra da, Gregorio Monreal eta María Bayoren ondoren, baina gainera, lehen bi sarituek, Julio Caro Baroja eta Álvaro D’Orsek Nafarroarekin lotutako ibilbideengatik lortu zuten saria Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria Iñaki Dorronsorok gogoratu zuenez. 

Ekitaldi hasieran Sariaren epaimahaiko kide diren zazpi unibertsitateetako bozeramaileek hiz egin zuten. Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitatearen izenean, Javier Echeverriaren gizarte berrikuntza ikerketez aritu zen; UNED-Bergarako zuzendaria Iñaki Esparza Leibarrek Internet eta media berriei buruzko ikerketak aipatu zituen; Nafarroako Unibertsitate Publikoko Alfonso Carlosenak filosofoak sortutako zenbait kontzeptu errepasatu zituen, “hirugarren ingurua” edo “aireko gizonak”, kasu. Nafarroako Unibertsitatearen izenean, Iciar Astiasaránek matematikari logikoaren azalpen biografikoa egin zuen eta Deustuko Unibertsitateko Cristina Iturriozek osatu zuen bere matematiko alderdia zientziaren filosofoaren ibilbidea azpimarratuz. Azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkaria izen zen Ana Arrietak EHUko Filosofia Fakultatearen sorrera gogoratu zuen, hirurogeita hamargarren hamarkadan Javier Echeverría izan baitzen lehen dekanoa.

Iñaki Dorronsorok gogoratu zuen 2016ko Saria emateko ekitaldia zientzia modernoaren oinarriak ezarri zituen G. W. Leibniz matematiko eta filosofo arrazionalistaren hirurehungarren urteurrenean izan zela. Hain justu, Javier Echeverriak bere irudia aztertu, ikertu eta zabaldu egin du mundu hispaniarrean. “Pluralitateen pentsalaria”, hala definitu zuen Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak, akziorako filosofia egiten duen “autore argi, prosa indartsu eta arkitektura teoriko ederrekoa”.

Sariaren diploma jaso ondoren, Javier Echeverríak diskurtso hunkigarri, hezigarri eta umorez josia egin zuen. Bere familiaren etorkin jatorriaz aritu zen eta bere izaera kosmopolitaz, formazio ibiltariaz eta Euskal Herrira Ikerbasqueren eskutik nola bueltatu zen azaldu zuen. Ameslaritzat jo zuen proposamen bat egin zuen, “errealitatearen dimentsio berri bat sortu den” egungo munduan, “izaera digital eta elektronikoa den izateko modu berri bat”: “Nire aiton-amona eta gurasoen garaian euskal sareak zeuden diasporan, ‘aireko emigranteentzat’ euskal tekno-hodeiak sortu behar dira”. Eta gaineratu zuen: “Aireak eta tekno-hodeiek etorkizuna erakusten digute: Euskal Haizea, Euskal Hodeia, Euskal Hiria eta Euskal Herriaren gainetik jarriko da”, mundu guztiko euskotar guztiak lotuz, “euskara lotura izanik, informazio eta komunikazio teknologien bidez inplementatua, euskal tekno-hizkuntza”, euskararen adar indartu eta etorkizuna duena.

Laboral Kutxako Lehendakaria Txomin García Hernándezek Javier Echeverriaren ibilbide bikainaren azpian dauden zenbait ezaugarri pertsonal zerrendatu zituen: “Bere izaera autodidakta, ausardia eta nahikotasun handia, eta bere talentuak lantzeko esfortzu eta borondatea”. Aurrez Javier Echeverríak aipatutako porrota berrikuntzarako iturri izatearen ideia bere egin eta Txomin Garcíak gaineratu zuen: “Ez dago gaizki egiteko beldurra baino gauza geldiarazleagorik, ez arrakasta izango ote duen beldur ez saiatzea baino porrot handiagorik”. 

Ekitaldia Uxue Barkos eta Iñigo Urkulluren hitzekin amaitu zen. Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariak Echeverríaren “aparteko irakasle karrera”, bai eta “matematika eta filosofia batzen diren gunean” ikerlari gisa egin zituen 37 urteak ere. Bestalde, Eusko Ikaskuntzako jarduerei bere Gobernuaren babesa berretsi zien, “gizarteak aurrera egin dezan modu berezian laguntzen” duelako.

Azkenik, jarduneko Lehendakari Iñigo Urkulluk “ezagutzaren gizarteratzea denarekin konpromisoa” azpimarratu zuen, “mundu akademikotik harago” joan nahi izan duen intelektualaz eta egun ere aurrean ditugun “galdera handiei argi eman” nahian. Berrikuntza herri baten garapen eta hazkunderako “funtsezko tresna” gisa den aldetik, Echeverría “erreferentzia eta jarraitu beharreko eredua” da Urkulluren ustez. 

Saio akademikoa bukatuta, gonbidatuek ohorezko ardoa hartzeko aukera izan zuten Miramar Jauregiko musika aretoan.

 

2016.10.18 EI-LK Saria 2016

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria