euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal diasporaz dokumentala egiten ari den Arte TV frantses-alemanak Tandilgo Euskal Etxean grabatu ditu irudiak

2017/03/28

Arte TVko langileak euskal diasporari buruzko dokumentala osatzeko informazioa biltzen
Arte TVko langileak euskal diasporari buruzko dokumentala osatzeko informazioa biltzen

‘Arte’ telebista katea Euskal Diasporari buruzko dokumental bat ari da filmatzen eta Buenos Aires probintzia argentinarreko Tandil hirian grabatu ditu irudiak, bertako Gure Etxea Euskal Etxeko lagunekin solastuz eta elkarrizketatuz, eta euskal elkarteko jarduerak islatuz. Dokumentala edizio prozesuan ari da dagoeneko eta emaitzak laster ikusi ahal izango omen dira kateko webgunean, Interneten.

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Martxoaren lehenengo egunetan, euskal diasporari buruzko dokumental bat egiten ari den Arte franko alemaniar telebista kateko Dominique Lenglart kazetariaren bisita jaso zuen Gure Etxeak. Kamerari bat lagun, martxoaren 2tik 4ra izan ziren Tandilen, bazkideak elkarrizketatzen eta euskal etxean egiten diren aktibitateen irudiak hartzen.

Marily Harguindeguy da Euskal Etxeko lehendakaria eta EuskalKultura.com-i zaldu dionez, “kontaktua Iparraldeko Euskal Argentina elkartearen bitartez egin zuten". "Dokumentalera biltzearren, ezagutu nahi zituzten hona iritsi ziren euskaldunen istorioak eta jakin nahi zuten nola lortu ahal izan dugun gure euskal kultura atxikitzea. Horregatik euskal elkarteko batzuei elkarrizketak egin, eta ondoren gure jardueretako batzuk –tartean euskara eskolak, musa, abesbatzaren saio bat– filmatu dituzte. Orain filma edizio prozesuan dago, baina ekoizleek berek esan digutenez seguruenik apirilaren hasieran berriak izango ditugu”, jakinarazi digu Harguindeguyk.

Filmazio prozesua bukatzeko eta bisitariei agurra egiteko, urteko lehenengo Pintxo Afaria antolatu zuten tandildarrek Jantoki deitzen duten EEko aretoan. Lagun ugari bildu ziren, tartean Tandilgo alkatea bera, Miguel Ángel Lunghi. Afarian, mota ugarietako pintxoekin batera, euskal dantza eta kantak dastatu ahal izan zituzten gonbidatuek Euskal Etxeko kide eta lagunen eskutik.

Tandilgo Gizataldeen Sukaldaritza I. Azoka

Martxoren 12an izan da, bestalde, Tandil hirian, Gizataldeen Sukaldaritza Azokaren lehenengo edizioa. Ekitaldia Paseo de los Españoles izeneko berdegunean izan zen, partaide zirela beteak beste gizatalde judua, kroaziarra, espainiarra, alemana, uruguaitarra, italiarra, perutarra, montenegroarra, daniarra, tailandiarra, boliviarra, brasildarra, lituaniarra, portugaldarra, taiwandarra eta euskalduna.

Euskal kolektibitateari dagokionez, Gure Etxeak muntatutako txokoak pintxoak eta paella eskaini zizkien bisitariei.

Facebook, Gure Etxea Tandil


Argazki galeria



hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia