euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Karroza bat txapela erraldoi batekin, euskaldunen ordezkari Ayacuchoko 45. Txahalaren Festa Nazionalean

2017/03/22

Txapela erraldoia, Euskal Etxearen logoarekin, euskaldunen ordezkari Ayacuchon Txahalaren 45. Festan
Txapela erraldoia, Euskal Etxearen logoarekin, euskaldunen ordezkari Ayacuchon Txahalaren 45. Festan

Bertako jai handiena da Ayacuchoko Txahalaren Festa Nazionala; 50 bat mila lagun bildu ohi ditu aste osoan luzatzen den bere ekintzen programak. Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxea partaide zintzoa du urtero eta 45. edizio honetan, txapela erraldoi bat zeraman karroza aurkeztu zuen ekitaldiko desfilean jaiko erregina izateko euskal hautagaiarekin batera.

PUBLIZITATEA

Ayacucho, Argentina. Txahalaren Festa Nazionala urtero egiten da Buenos Aires probintziako Ayacucho herrian, “Argentinako zelai eta landaguneetako tradizioak babestu eta berreskuratzeko" asmopean. Aurtengoa 45. edizioa izan du, martxoko 12tik 19ra eta programako parte izan ditu zaldien heziera erakustaldiak, musika eta dantza errezitalak, erregina hautaketa eta kabalkada, besteak beste.

Urtero ohi bezala, aurtengoan ere bertako Euskal Odola Euskal Etxearen partaidetza nabarmena izan du. Hasteko, Festaren programa hasi aurretik, martxoaren 10ean, Topaketa Folklorikoa antolatu zuen Euskal Etxeak bere egoitzan jaiko erregin-hautagaiak –guztira 19 neska– aurkezteko. Euskal Etxearen izenean, Josefina Romerok desfilatu zuen.

Festako kabalkadan ere hartu zuen parte, eta oihartzun handiz, 2017ko karrozaren diseinuak publikoaren txaloak bereganatu baitzituen, erakutsi zuen originaltasunagatik. Izan ere, Euskal Etxearen erregin-hautagaia zeraman karrozak, euskaldunen ikurra den txapel erraldoi bat ere eraman zuen gurdi gainean herriko kaleetan barrena egin zuen ibilbidean.

“Oso pozik gaude izandako ordezkaritzarekin”, aitortu dio Euskal Etxeko erreferente den Elena Alberrok EuskalKultura.com-i. “Gure hautagaia, Josefina, ez zuten erregina hautatu, baina ‘adiskide onenaren’ saria eman zioten beste neskekin izandako jarreragatik. Harro egoteko zerbait da! Eta txapela ere oso polita geratu zen, beraz, kontent gaude”.

Euskal Etxean egingo diren datozen ekintzei dagokienez, Alberrok jakinarazi digu jarraituko dutela hileroko afariekin; hurrengoa apirilaren 22an izango da. Eta etxeko muslariak aurten Chacabucon egingo den Mus Txapelketa Nazionalean parte hartzeko ari dira prestatzen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia