euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Beste tanto bat andrazkoentzat: Lehenengo aldiz lau t'erdian lehiatuko dira: (Berrian)

2017/09/27

Lau t'erdian lehiatuko dira lehenengoz emakumezkoak, Emakume Master Cup txapelketan

Lotura: Berria

Iñigo Astiz. «Emakumezko pilotaren aldeko urrats txiki bat gehiago da hau». Martxoan jokatu zuten esku-huskako binakako txapelketa, eta, haren arrakasta ikusirik, lau t'erdian ere proba egitea erabaki dute orain Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako antolatzaileek. Sekula ez da emakumezkoentzako txapelketarik antolatu kaiolan, eta, horrenbestez, berdintasunerantz emandako urrats bat gehiago da Iker Amarika antolatzaileak azaldu duenez. Gizonezko pilotari profesionalen lehiaren paraleloan doan txapelketa bat eskaintzea izan da asmoa, eta horregatik jokatuko da udazkenean

Urriaren 1etik 15era zabalduko dute izen emateko epea, eta bi maila izango dira: Lehen Maila eta Eliteko Maila. Izen emate kopuruaren arabera egingo dira kanporaketak urrian eta azaroan, azaroaren 26an egingo dituzte finalaurrekoak, Berrizko pilotalekuan (Bizkaia), eta abenduaren 6an jokatuko dute finala, Sopelan (Bizkaia). Edonork hartu ahalko du parte txapelketako lehen faseetan, librea izango baita izen ematea, eta pilotariak berak aukeratuko du lehian diren bi mailetako zeinetan aritu nahi duen. «Norberak badaki zein den bere maila», zehaztu du Amarikak. Halere, badaezpada, antolatzaileek jarraipena egingo diote izen emateari. «Ez da arazorik izango, baina ez genuke nahi eliteko pilotari bat lehen mailako kategorian aritzerik». Alde horretatik, martxoko binakako txapelketan ikusitakoa hartuko dute horretarako erreferentziatzat.

Izen emate kopuruan dago zalantza nagusia oraingoz, antolatzaileek ez baitakite zenbat pilotarik emango duten izena. Eta horren araberakoa izango da kanporaketa fasea. Martxoan jokatutako binakako txapelketa da horretarako ere erreferentzia. 80 pilotarik hartu zuten parte orduan txapelketako bi mailetan, eta 40 bikote izan ziren lehian, guztira; baina, Amarikak azaldu duenez, gerta liteke oraingoan parte hartze kopurua txikiagoa izatea ere. Dioenez, txapelketa buruz burukoa izanik, suerta bailiteke pilotari gutxiago animatzea. «Lehen hartu-emanetan igarri dut hori. Pilotari batzuek atzera bezala egin dute txapelketa banakakoa delako», zehaztu du. Halere, antolatzaileek lau t'erdiko jokamoldearen aldeko apustua argi ikusten dute.

Euskal Herritik kanpoko pilotariak ere aritu ziren binakako txapelketan, eta oraingo honetan ere hala izango dela baieztatu dute antolatzaileek. Ziurtzat eman dute, esaterako, Daniela Vargas pilotari mexikarraren parte hartzea, eta errioxarrik ere ez da faltako.

Udan, partida asko

Patri Espinar, Jone Goiri eta Olatz Arrizabalaga pilotariak dira lau t'erdiko txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuk. Pozik azaldu da Espinar, esaterako, jokamolde berriarekin. «Niri gehien gustatzen zaidan modalitatea da», azaldu du. Aitortu du, ordea, emakumezko pilotarien artean ez dela gehien jokatzen dena. «Neskok txikitatik ohitzen gara binaka jokatzera, eta, nire ustez, hori okerra da; banaka hasi beharko genuke, eta gero binakakora pasatu. Oso neska gutxi dago ohituta banakakoan jokatzera».

Goirik azaldu duenez, bestalde, nabarmen egin du gora emakumezkoen esku pilotarekiko interesak azken aldian. Iaz, nagusiki, pala partidak izan zituen udan hark, eta aurten irauli egin da egoera. «Irailean 10 partida izan ditut, eta abuztuan beste zortzi-bederatzi. Haietako bi soilik izan dira palakoak». Eta binakako txapelketa dago aldaketa horren atzean, antolatzaileen hitzetan.



hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia