euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Amama filmaren emanaldiarekin hasiko dira datorren larunbatean Habanako Euskal Etxearen 140. urteurreneko ospakizunak

2017/07/03

Uztaileko bigarren astean beteko ditu 140 urte Habanako Euskal Etxeak
Uztaileko bigarren astean beteko ditu 140 urte Habanako Euskal Etxeak

1877an "Asociación Vasco Navarra de Beneficencia de La Habana" izenpean jaio zen, nahiz eta gaur egun Kubako Euskal Etxea izena ere erabiltzen duen, eta Buenos Airesko Laurak Bat-ekin batera, zabalik segitzen duen munduko euskal etxe zaharrena da. Bere 140. urtebetetzea ospatzeko astebeteko ekitaldi egitaraua antolatu du, datorren larunbatetik hasita: euskal zinea, erakusketak, hitzaldiak eta musika eta dantzak, ikuskizunak tartean.

 

PUBLIZITATEA

Habana, Kuba. Uztailaren 8tik 16ra bitarteko ekitaldi-sorta batekin ospatuko du Habanako Euskal Etxeak bere 140. urteurrena. Programa urtearekin batera hasi ziren prestatzen elkarteko arduradunak eta, aldaketa batzuk egon badira ere –handiena Joseba Gotzonen partaidetza bertan behera geratu izana– proposamenen muina ez da batere aldatu, urtebetetzea euskal erakuslehio txiki bat zabaltzeko baliatu nahi baitute “Habanan dauden euskal aztarnak ezagutataziz, eta berreskuratuz aldi berean Kuba osoko euskal arrastoak, aberatsak baitira, hori da gure lehentasuna", aitortu dio Euskal Etxeko lehendakari Renato Garcia Egusquizak EuskalKultura.com-i.

Hona 140 urteurreko ekitaldi sorta, egunez egun zehaztuta:

-Uztailaren 8an, larunbata: 18etan. Amama filma pantailaratuko Cinecito aretoan, San Rafael Bulebarrean, Habana hirigunean
-Uztailaren 9an, igandea: 10etan. ‘Euskaldunak Kuban. Irudi adierazgarriak’ izenburuko argazki erakusketa. Helburua Kubako arkitekturan dagoen euskal eragina begi bistan uztea da. Erakusketa hiriguneko arte-galeria batean izango da. Bertan ere 1950, 1960 eta 1970 hamarkadetako erregimen sozialista zaharreko motorren erakusketa ere jarriko da ikusgai
-Uztailaren 10ean, astelehena: 14etatik 20etara. Euskal Etxeko ‘Sustrai’ artisau taldearen lanen aurkezpena. Musika kubatar tradizionala, lagunen arteko bilerak, artista gonbidatuak… Euskal Etxeko behin-behineko egoitzan, Gervasio kaleko 615.ean, Habanan
-Uztailaren 11an, asteartea: 14etan. Ikuskizun artistikoa Arte Ederren Museoan, Arte Kubatarraren aretoan. Museoa Trocadero kalean dago Monserrate eta Zulueta kaleen artean, Habana Zaharrean
-Uztailaren 12an, asteazkena: 14etan. San Geronimo Unibertsitate-Eskolako dekano-orde Felix Julioren hitzaldia: ‘Tenpletea, bere historia eta Gernikako Juntetxearekin daukan antza’. Hitzaldia Arte Ederreko Hemizikloan izango da. 17:30etan, Kutsidazu Bidea, Ixabel filma Euskal Etxeko egoitzan.
-Uztailaren 13an, osteguna: 10etan. Euskal Etxeko dantzari txikien dantza erakusketa (Euskal Etxeak jakinarazi du sortu berria dela taldea eta irakaslerik ez dutenez, bideoen bidez ikasten ari direla). Dantza erakustaldia Alde Zaharreko Calle de la Madera delakoan izango da. Horren ostean, bildutakoek Alde Zaharrean euskal presentzia islatzen duten lekuak bisitatuko dituzte. 13:30etan bazkaria malekoi habanarrean. 17:30etan, Kubako musika tradizionala El Jelengue lokalean. 18etan, El Negociador filma Cinecito aretoan
-Uztailaren 14an, ostirala: Bisita gidatua Pinar del Rio probintziako Garay anaiek sortutako ‘Guayabita del Pinar’ ron-fabrikara. Bazkaria, 2014an ‘Hombre Habano’ saria jaso zuen euskal jatorrizko Rogelio Ortuzarren arrantxuan
-Uztailaren 15ean, larunbata: 10etan. ‘Euskal Herria-Kuba, lehen eta orain’ izenburuko hitzaldia, Jose Migel Arrugaeta hizlari. Ekintza Arte Ederren Museoko Hemizikloan izango da. Horren ostean, auto zaharren erakusketa. 18etan, Zine Zikloaren azken emanaldia, Cinecito aretoan. Asier eta Biok filmarekin.
-Uztailaren 16an, igandea: Agur ekitaldia (lekua baieztatzeke)

Renato Garcia Egusquizak azpimarratu du zinearekin lotuta dauden ekintza guztiak Argentinako 'Euskal Zine Ibiltari'ko arduradun diren Carlos Gabilondo eta Norma Carrizoren esku egongo direla. Gabilondo eta Carrizo gaur iritsiko dira irlara Buenos Airestik, Euskal Etxearen urteurren ospakizunetan parte hartzeko.



Komentarioak

  • Aurrera Habanako Etxea!!!

    Ez dira gauza makala 140 urte. Oso ondo bete, ondo ospatu eta momenturen batean nahi nuke zuei bisita bat egin. Abisatuko dizuet!

    Patxi Martin (Donostia), 2017/07/05 06:28

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia