Iruñea-Pamplona. Nafarroako Gobernuak bidea abiatu du bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatzeko, ondare immaterial gisa. Nafarroako Bertsozale Elkarteak urte hasieran egin zuen izendapenerako eskaera, bertsolaritzak herrialdean izan duen eta duen presentziari buruzko informazio xehatua aurkeztuz. Txosten horretan, bertsolaritzaren alderdi historiko eta etnografikoak, errotze maila eta komunitateen parte-hartzea, bilakaera eta transmisio moduak azaldu zituen Elkarteak.
Espedientea, gainera, Nafarroako Kultura Ondare Inmaterialaren Artxiboko zuzendari teknikoa eta etnolinguista den Alfredo Asiain Ansorenaren txosten batekin osatu da.
Bertsolaritza euskarazko bat-bateko kantu modalitate bat da. Bertsoak eta puntuak errimaz eta neurriz egiten dira, musika tresnen laguntzarik gabe. Ikuspegi historikoari dagokionez, XV. mendeko erreferentziaren bat izan bada ere, lehen dokumentu erregistroak XVIII. mendekoak dira.
Doinua, errima eta neurria dira bertsoaren alderdi teknikoak. Bertsoaren indarra balio poetikoan eta arrazoibidearen distiran daude. Sortzaileak, bertsolariak, mendeetan zehar kultura adierazpen hau bizirik mantendu duten eta belaunez belaun ahoz transmititu duten inprobisatzaileak dira. Bertsolaritzak duen bigarren funtsezko subjektua entzulea da, bertsolaritzaren zeinahi modalitatetan eragile aktibo izaten dena.
Nafarroako Gobernuak izendapenaren berri emateko kaleratutako oharraren arabera, "Nafarroan ongien gorde den eta azpimagarriena den errepentismoa" da bertsolaritza. Orain, izendapenaren bitartez, berau babesteko neurriak jarriko ditu martxan administrazioak, bertsolaritzaren "fosilizazioa, autonomia galera eta lehiaketa eta ikuskizun testuinguruen gehiegizko nagusitasuna" saihesteko.
Jendaurreko argibideak eta Nafarroako Kultura Kontseiluak prestaturiko txostenaren tramiteak behin bukatuta sartuko da indarrean neurria, aurtengo udazkenean bertan.