Saint Etienne eta The Cabriolets taldeen emanaldiarekin bukatuko da 2012. urteko Kutxa Kultur Musika zikloa datorren larunbatean, azaroaren 17an, Getariako Balenciaga Museoan. Gainera, museoa espresuki argiztatuko da kontzerturako.
Kutxaren Gizarte Ekintzako iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, kontzertua 20:30ean hasiko da eta sarrerak salgai daude 20 euroan, Kutxaren kutxazainen sarean eta www.kutxasarrerak.net webgunean.
Sarah Cracknell, Bob Stanley eta Pete Wiggs-ek osatzen duten Saint Etienne Londresek azken hamarkadetan eman duen pop talde bikainetekoa da, eta zortzi disko kaleratu ditu 1990ean sortu zenetik. Bestalde, The Cabriolets talde espainiarrak kontzertu akustiko berezia eskainiko du, Bimba Bose abeslaria buru dela.