Historiari buruz zertxobait

50 urte jada!

Gure elkartea, Pariseko Eskual Etxea – La Maison Basque de Paris, orain dela 50 urte inguru sortu zen alajaina, euskal gaztez osatutako talde handiak hiriburura joaten ziren garaian hain zuzen. Gazte hauek beraien artean elkar aurkitzeko beharra sentitzen zuten, beraien erroekin eta jatorriekin loturak sortzeko. Baina, era berean, Pariseko jendartean barneratzeko gogoa ere bazuten, bertan beraien tokia topatuz.

Garai hartan, Piarres Charrittonek, Baionako gotzaindegiaren laguntzaz, Pariseko Eskualdun Gazteria elkartea sortu zuen, Eskualdun Gazteria – Eskual Herriko gazteri nekazari kristauaren adar bat zena. Hasiera batean, pobreki, elkarteak Sorbonne unibertsitatearen eta Saint-Séverin parrokiaren lokalak baliatzen zituzten elkar topatzeko eta bilerak antolatzeko.

Elkarte honen arrakasta ikusita, egoitza baten beharra geroz eta argiagoa zen. Horrela bada, lokal batzuk erosteko erabakia hartu zen. 1955eko urriaren 18an, beraz, Asparrengo Mr Louis Domecqek eta Jeanne Idiartek, Xiberoatik etorritako garbitzaile gazteak, Pariseko 16. auzoan kokatutako eraikin bat erosteko paperak sinatu zituzten, lehenago garbitoki bat izandakoa. Pariseko lehen Eskual Etxea jaio berri zen. Eraikina eraberritzeko lanetarako behar zen dirua herrialdeko parrokietan bildu zuten Pariseko Eskualdunek, bakoitzak ahal zuena eskaini zuelarik; eta bolondresen lanari esker eraman zuten dena aurrera, Iristarri arkitekto nafarraren begiradapean.

2002ko abenduaren 11 arte, rue Dubanen aurkitzen zen Pariseko Eskual Etxeak milaka euskal gazte jaso zituen, Pirinioen eta Bidasoaren alde bietatik etorri zirenak. Bertan eduki zituzten hainbat eta hainbat euskal gaztek 50 urtez beraien lehen gelak Parisen, bertan egin zituzten hainbat lagun eta bertan ezagutu zuten etxe baten goxotasuna, hain handia eta batzuetan hain eskuzabala ez den hiri erraldoi honetan.

Gaur, oraindik ere, euskaldunek eta beraien ondorengoek eta lagunek elkar aurkitu nahi izaten dute, bizipoza elkarrekin gozatzeko eta beraien kultura Pariseko jendartean jakitera emateko. Aurrera egin ahal izateko, Eskual Etxeak topaleku berriak aurkitu behar izan ditu, eta iraganean bezala, guztion laguntzaren beharra du, elkarteena eta pertsonena, Parisen nahiz Eskual Herrian. Saint-Ouenen ere, hau baita Pariseko Eskual etxearen kokalekua gaur egun, Eskual Herritik ikasketengatik edo lanagatik datozen gazteek, jendeak gogoan dituela sentitu behar izaten dute, eta egoki bizitzeko behar dutena badutela etxean. Horregatik, euren esperientzia gazte heldu berriekin partekatzeko prest dagoen jendeari asko eskertzen zaie bere lana.

Behar bada gaur inoiz baino gehiago, Pariseko Eskual Etxeak bere lekua topatu du Pariseko paisaian, eskualdun guztiei eta euren lagunei beharra dutenean ateak irekiaz, eta Eskual Herriaren eta Parisen artean zubi-lana eginez.