Azarotik ari dira 21. KORRIKA herriz herri aurkezten, eta dagoeneko jakitera eman dituzte lasterketaren xehetasun guztiak. 7 egun geratzen dira soilik apirilaren 4tik 14ra euskararen lekukoa eta aldarria Euskal Herriko bazter guztietatik eramateko; eta mugarria ospatu eta egitasmoari ongi etorria emateko, aurkezpen soziala izan da gaur Bilbon.

Ekitaldia BBK aretoan izan da, iluntzeko 19:00etan. Bertan izan dira Asier Amondo 21. KORRIKA arduraduna, eta Mertxe Mugika AEKren Koordinatzaile Nagusia, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek lagunduta. Eurekin batera, 100 gonbidatutik gora izan dira: euskalgintzakoak, hedabideetakoak, alderdi politikoetako ordezkariak, sindikalgintza, eragile sozialak eta hamarnaka lagun gehiago.

Ekitaldi xumea izan da, 21. KORRIKA Garestik abiatzeko astebete eskas falta denean. Oholtzan, Mertxe Mugikak aipatu duenez, «euskararen normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan, modu transbertsalean txertatuta». Asier Amondo KORRIKA arduradunak adierazi du Klika dela «hautua egitea, euskararen aldeko hautua, konpromisoa». Euskararen egoerak baduela zer hobetua ekarri du gogora eta, beraz, «gero eta beharrezkoagoa da Klika egitea».

Ane Zabala kazetari eta aktorea aritu da aurkezpen lanetan, eta Kimu txalaparta-taldearen eta Ane Artetxe arpistaren parte-hartzea ere izan da.

 

AEK-k eta KORRIKAk sustatuta, euskararen normalizazioa azkartzeko konpromisoak jendaurrean sinatu dituzte hainbat arlotako 30 gizarte-eragilek, ‘Aro berriari, klika’ ekimenaren baitan. «Esanetatik konpromisoetara jauzi egitea» aldarrikatu dute. Ekimena konpromiso-hartzaile berriei zabalik dago.

(Webguneko atal berezia HEMEN).

 

21. KORRIKA apirilaren 4tik 14ra ibiliko da euskal errepideetan zehar, Garestik Gasteiza, euskararen aldeko aldarria eginez. Baina ez da soilik Euskal Herrira mugatuko; izan ere, azken urteetan bezala, aurten ere KORRIKAREN lekukoa nazioarteko txoko guztietara iritsiko da. AEK eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker, KORRIKA txikiak eta egitarau bereziak antolatuko dira nazioarteko hainbat unibertsitate eta Euskal Etxetan.

Euskal Etxeetako bideoak.

Unibertsitateko Irakurletzetako bideoak.

 

Azarotik gabiltza 21. KORRIKA herriz herri aurkezten, eta jakitera eman dugu dagoeneko lasterketaren xehetasun guztiak. Dena prest dago apirilaren 4tik 14ra euskararen lekuko eta aldarria Euskal Herriko bazter guztietatik eramateko; eta mugarria ospatu eta egitasmoari ongi etorria emateko, aurkezpen soziala izan dugu Iruñean gaur, martxoaren 20an.

Ekitaldiaren segimendua irakur daiteke Twitterreko HARI honetan.

Egin Klika HEMEN argazki galeria ikusteko.