euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Nor gara

EUSKALKULTURA.COM euskal diaspora eta kulturaz espezialdutako buletin eta webgunea da, Euskal Herriaren eta munduan barreiatutako euskal komunitateen arteko zubilana egitearren Basque Heritage Elkartea izeneko irabazi-asmorik gabeko elkarteak sortu eta garatua. Diasporan jaio edota bertan lotura sendoak dauzkan jende talde txiki batek abiarazitako ekimena da, ikusirik gero eta interkonektatuagoa eta globalizatuagoa den mundu honetan euskal kulturak behar dituela eskuratu bere tresna eta lanabes propioak bere buruaren berri normaltasunez emateko eta informazio eta komunikazio alorreko ahalegin horrek behar dituela bildu, zazpi probintziak ezezik, munduan zehar gure kultura eta nortasunaren aterkipean lanean ari diren euskal komunitateek eta Diasporako euskaldunek amankomuneko euskal ondare, kultura eta erkidegoari egiten dizkioten ekarpenak.

EUSKALKULTURA.COM ekimen independentea da eta, euskal diasporari buruzko baliabide eta komunikabide gisa, bere izaera eta engaiamendua bi zutabe hauetan oinarritzen du: kazetaritza alorreko produktu ahalik eta duinena egitean, batetik, eta euskal kultura eta diasporaren aldeko konpromisoan, bestetik. Gure proiektuak ez dauka menpekotasunik inongo alderdi edo iritzi talderekin eta bere jardunean euskal kultura eta diasporarekin zerikusia duten ekimenen berri ematen du bereizkeriarik gabe, zerbitzu publiko irizpidez.

Bere ibilbide eta historiari dagokionez, gure buletina paperezko bertsioan agertu zen lehenik. Izan ere, Euskal Kultura buletina, hastapenean Euskal Fundazioa --Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioa-- erakundeak bultzaturik, 1998an Txileko Santiagon argitaratzen hasi zen, zabalkundea Ameriketako zenbait herrialdetan zuela, batez ere Txile, Argentina eta Uruguain, baina baita ere Venezuela, Panama, Puerto Rico, Mexiko eta Estatu Batuetan. Paperean bizitza mugatua izan zuen eta internetera 2001ean jaio zen.

Geroztik munduko euskal komunitateetatik amankomuneko euskal kulturari, eta baita ere tokiko gizarte eta herrialdeei, egiten zaizkien ekarpenak bildu eta islatzearren segitu izan du lanean, zinez pentsatzen baitu(gu) munduko euskaldunek eta euskal komunitateen koordenadetatik egiten diren ahaleginek tokian tokiko biztanleen garapena eta bizitza kalitateari laguntzen diotenean lortzen dutela euren zentzu osoa.

[Ekimenak egoitza eta bulego bat dauka Donostian, bi pertsonako egitura profesional minimoarekin. Munduko euskal bazterretan euskalgintzan lanean diharduten kolaboratzaile bolondres finak ditu oinarri, giltzarri eta zimentarri, lankide ari garen guztiok konpartitzen ditugun zerbitzu izpiritua eta ilusio engaiatua baitira proiektuarekin aurrera segitzeko dugun akuilu eta indar nagusia. Korrespontsal bana dauzka Argentinan eta Estatu Batuetan, beti ere gogo eta konpromiso berarekin]

Finantziabidea, instituzioetatik lortzen saiatzen den dirulaguntzak ditu, publizitateagatik eskuratutako sarrerekin batera. Helburuz, eskarmentuz eta izaeraz proiektu sendoa bada ere, ekonomikoki urtero-urtero zerotik behar du hasi eta borrokatu aurrekontua berdindu ahal izateko. Azken urte hauetako egoera ekonomiko orokorrean ez ditu batere momentu goxoak bizi izan eta urteak daramatza lanean finanziazio minimo bat segurtatzearen alde, lankidetza-hitzarmenak sinatzea helburu, baina arrakasta handirik gabe; publizitate bidezko sostenguari dagokionez arlo horretako sarrerak areagotzen saiatzeko apustua ari da egiten, geroari --geroari ezezik orainari, eguneroari-- eutsi ahal izateko.

Egoera ekonomiko larria bizi du, beraz, eta segitzeko bokazio sendoa badu ere, itxieraren mehatxua gainean du, bere proiekzioagatik eta irakurleekiko eguneroko hitzorduari burugogorki eusteak batzuetan bestela pentsa arazi badezake ere.

2016a urte bereziki gaiztoa izan zen gure ekimenarentzat, urte amaieran jakin baikenuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen zigun publizitate sostengua ez zigula emango urte horretan hauteskundeen ondoren erakunde honen zeinu politikoa aldatu eta gero. Gure lana agerikoa da, doaniko EUSKALKULTURA.COM buletina egunero plazaratzen dugu internetera, eta hiru hizkuntzatan kaleratzen ditugun emaitzak agerian daude sarean. Zarata handirik atera gabe, baina hor gaude, etengabe. Eta ez da erraza irakurleekiko eguneroko hitzorduari eustea, hiru hizkuntzatan eta bitarteko ekonomiko urriekin, baina guk egin izan dugu, egiten dugu, azken 17 urteotan, bokazioz, engaiamenduz, dedikazioz eta arduraz. Baina hitz goxoez gain, ez dugu askotan ezta lan bolondres engaiatuari ustez zor zaion errespetu minimoa ere eskuratzen botere publiko batzuen aldetik.

Agindu eta ez bete, 2016ko urtea ixtearekin, gure egoitza, Donostian, itxi behar izan genuen, eta bertan hamabi urtez lankide izandako laguna kaleratu behar izan genuen. Lanpostu liberatu honek ekarri izan digu urtetan oinarri eta koordinaziogune bat eta eguneroko emisioei lasaitasun batekin ekin ahal izatea.

Hori galduta, gure burugogorkeriak baino ez gaitu ekarri honaino, ez gaitu ekartzen egunero egunero honaino. Noiz arte, ikusiko, baina itxura onik ez du, 2016ko ditu zuloak estali gabe jarraitzen du eta baldintza hauetan jardun behar izateak animo handirik eta testuingururik onena ez du ekartzen berez handia dugun berez ilusio, dedikazio eta konpromisoari eusteko.

Ekonomikoki, segitzen dugu, beraz, baina gure setakeriak eta patrikak agoantatzen duen arte iraungo dugu. Eusko Jaurlaritza gure lan batzuetako babesle dugu, Bizkaiko Foru Aldundiak apaldu egin zuen 2016an aurretik ematen zigun publizitate sostengua, eta 2017an sostengua bera galdu genuen; 2018an, berreskuratzeko ahaleginetan ari gara. Gipuzkoako Foru Aldundia laguntzaile zintzo izan dugu, zeinu politiko bateko eta besteko kudeatzaileekin, ia sareratu ginen momentu beretik, baina 2016ko jarrera horrekin guztiz hunkituta utzi du gure proiektua. Zulo hori estaltzen ez badugu, lasterrago ala beranduago ateak itxi behar izango ditugu, garen kaskagorrak izan arren. Solasean segitzen dugu eurekin.

Publizitate babesean lagun ditugu Basquetour, Nevada-Reno Unibertsitateko William A. Douglass Euskal Ikasketa Zentroko Argitalpen Zerbitzua, USAC programa, Etxepare Institutua eta, maila apalagoan diruz baina sendoz atxikimenduz, esaterako, Gardnervilleko JT euskal jatetxea edota San Frantziskoko Saffron azafrai enpresa.

Indarrek ematen diguten arte segituko dugu.

Esan, amaitzeko, ateak zabalik dauzkan ekimena dela EUSKALKULTURA.COM. Jende askoren ahaleginari esker kaleratzen da, eta jende askoren lanaren, ilusioen eta dedikazioaren berri ematen du. Lankide izan nahi baduzu eta bizi zaren tokiko berriemaile bilakatu, edo publizitatea ipiniz edo bestela lagundu, edo zure inguruan gure berri eman edo beste edozein gisara sostengatzeko modua ikusten baduzu, esaiguzu, euskal kultura eta diasporarekin engaiatutako hainbat jendek aurreratzen dugun proiektua baita honakoa eta zinez estimatuko baitugu zure laguntasuna..

Joseba Etxarri
zuzendaria/director
etxarri@euskalkultura.com



PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia