Urteko galdera

Xabier Aierdi Urraza / Soziologoa

2019/03/28

Xabier Aierdi Urraza / Soziologoa

Ilargi materiala eta aztarna digitala

Ez da erreza zertan eragin behar den jakitea, baina hasteko ondo legoke bazterrak nahasten ez ekitea. Funtsean, gaur, bihar eta etzi, integrazioa eta kohesioa hautu politiko baten emaitza izango dira. Sokatira ideologikoa saihestezina da, baina ez da politikakeriarekin kidetu behar. Hori da, oro har, nire posizioa, eta horren aldeko argudio pare bat hona ekartzen saiatuko naiz.

Zehatzago eta tesi modura:

  1. Euskal Herrian, EAEn, kohesio eta integrazioan oinarritutako politikak garatzeko sare moral nahikoak daude. Sozialki gizarte politiken aurkariak egon litezke eta egon badago gizarte sektore bat politika honen aurkakoa, baina bereziki immigrazioari zuzentzen zaionean[1]. Badago ere, neoliberalagoa den sektore politikoa[2]. Sektore honek beste sektore sozialagoekin lehiatu behar du eta momentuz ezin du garatu agian nahiko lukeen programa maximoa. Gure gizarte honetan  jatorrizko posizio erlijiosoetatik politikara transferentzia moral bat gertatu da eta joera neoliberal hasberriek ez dute humus egokirik. Etorkizunean? Auskalo! Horrexegatik koalizio zabal eta lodien aldeko apostua ezinbestekoa da.
  2. Gizarte osoa oinarritzat hartuta, gizarte politika aurrerakoien aldeko espazio nabarmena dago. Oso interesgarria da gure erkidegoan posizio ideologikoen eskala arakatzea. Horrela, euskal biztanleriak subjektiboki identitate aukeratuetan hartzen duen hautua eskala ideologikoarekin gurutzatuta, oso ondorio interesgarriak daude, eta indarrak alperrik ez galtzeko bide-orria ematen digute. Joan gaitezen datuetara.
  1. Taula. Ideologi hautatuaren (0 = Ezkertiarra, 10 = Eskumarra) bilakaera identitate aukeratu subjektiboaren arabera, 2007-2018, bataz bestekoak, muturreko distantziak eta bataz beste orokorra.

  1. Alde batetik, 1. Taula, ideologi posizioak ditugu, 0tik 10rrera. Bestetik, identitate hautatuak. EAEko bataz bestekoa hartzen badugu, euskal gizarteak bere burua sozialdemokraziari legokion posizioan kokatzen du. Serie guztiko bataz bestekoa 3,77 da.

5,00 bataz besteko aritmetikoa izanik, ezkerrerago dago erkidegoko biztanleriaren bataz besteko ideologiko soziologikoa.

Baina, bestalde, datu hori garrantzizkoa izanda ere, muturreko posizioen artean, bakarrik espainiarrak sentitzen direnak -beti eskumako posiziorik nabarmenena dutenak- eta bakarrik euskaldun sentitzen direnak -ezkerrekoenak aldi berean-, distantzia mugatua dagoela frogatu ahal dugu serie guzti honetan. Distantziaren bataz bestekoa serie guztian 1,64 puntukoa da.

Grafikoa 1. Ideologi hautatuaren (0=ezkertiarra, 10=Eskumarra) bilakaera identitate subjetiboaren arabera, 2007-2018, bataz bestekoak, muturreko distantizak, eta bataz beste orokorra.

 

  1. Konklusio interesgarria atera liteke aipatutakotik: gure gizartean borroka ideologikorako marjina eskasa dago, Grafikoa 1. Saiakera handiak egin behar dira gizartea serioski polarizatu ahal izateko, egun ez dago eta. Horretan datza zenbait asmoren ahalegin antzua eta nolabaiteko EAJren zentraltasuna. Azken finean, frontoian ondo kokatzen dakien pala jokalaria da EAJ, ahalegin eskasekin ia pilota guztietara hel daiteke. Honek ez du esan nahi pobreak edo pobreziak edo sektore zaurgarrituak ez direnik. Baina barne ezberdintasun eskaseko eta posizio polarizaturik gabeko gizartea dugu, eta hori berez eskertzekoa da. EAJren zentraltasuna berak landu duenetik eta oro har gizarteak ematen dionetik dator arlo honetan. Zentraltasuna lortu nahi duen beste edozein aurkarik posizio berbera okupatu beharko du, ez berririk asmatu. Hautagai  bakarra Bildu da.
  2. Bestalde, benetako polarizazioetara jotzen badugu, nazionalismo eskalara joan behar da, horretan identitate aukeratuen muturreko posizioen artean oso distantzia nabarmenak agertzen direlarik. Eskala nazionalistako eskala ideologikoa aise hirukoiztu egiten du. Eta eskala honetan ideologikoki aurkari izan litezkeenak nahi beretsuak dituzte, 2. Taula.

 

  1. Taula. Nazionalismo hautatuaren (0 = euskalduna, 10 = Espainiarra) bilakaera identitate subjektiboaren arabera, 2007-2018, bataz bestekoak, muturreko distantziak, eta bataz beste orokorra.

Grafikoa 2. Nazionalismo hautatuaren (0=euskalduna, 10=Espainiarra) bilakaera identitate subjektiboaren arabera, 2007-2018, bataz bestekoak, muturreko distantziak, eta bataz beste orokorra.

  1. Bigarren konklusio modura, gure erkidegoko eguneroko politikan sarri aipatzen da arazo identitarioak alboratu beharra, euskaldunei benetan interesatzen zaizkien arazoez hitz egin behar dela esanez. Interes ideologikoak esan bezala gizarte distantzia eskasa dakarte. Baina, eskala nazionalistak polarizazioa non dagoen erakusten digu. Arazo nazionalista da nagusi eta hor agertzen da eztabaida politikoaren benetako funtsa. Erkidegoan ez dago arazo ideologikorik edo sozialik; bai, ordea, identitate arazoa, bai batenak edo bestearen aktore, adiskide eta aurkariak ezberdinak dira. Bestela esanda, euskal publikoek Estatuan beharko luketen kokapenaren inguruko lehia dute, ez ekonomi edo gizarte-desberdintasunen ingurukoa.

Adibide modura, azken hamabi urteotako distantziak erkatuz, muturreko posizioen artean distantzia ideologikorik txikiena (1,15) 2017an eta handiena (2,02) 2012an agertu ziren.

Distantzia nazionalean, ordea, hurrenez hurren, 2018an (4,21) eta 2012an (7,24).

Bilakaera osoan, 2007-2018, Grafikoa 3., distantzia ideologikoaren bataz bestekoa 1,64 da; nazionalistarena: 5,78.

Grafikoa 3. Eskala ideologiko eta nazionalistako posizio muturrekoen arteko distantzien bilakaera eta bataz besteko orokorra, 2007-2018.

  1. Azkenik, 4. Grafikoari erreparatuz, datu guzti hauek beste ikuspegi batetik begiratuta, gure gizarteko biztanleriaren bataz besteko orokorren bilakaera dakargu. Aurreko datu guztiak laburtu egiten ditu. Grafikoak zer erakusten digu? Gure gizarteak Estatuarekiko harremanetan posizio federalak edo federal zaleak dituela, egungo estatutua eta independentziaren artean irtenbidea bilatuz (3,81), eta ideologikoki ezkerreranzko joerak dituela, sozialdemokrazia leun baten aldeko hautua eginez (3,77).

Grafikoa 4. EAEko biztanleriaren bataz besteko ideologiko eta nazionalisten bilakaera eta bataz besteko orokorra, 2007-2018.

  1. Datuek eraikitzear dagoen kohesio eta integrazioaren mugak eta aukerak erakusten dizkigute eta Bourdieuk dioen moduan giza-espazio guztiek, historikoki aldakorrak izan arren, egingarri eta eginezin denaren mapa ematen digute: objektu politiko batzuk egiteko ahalmena ematen dute eta ez beste batzuk. Horregatik, joko politikoa gizarteko sakoneko balioekin elkarreragiten egotea oso gomendagarria da, orduantxe  helburu amankomunak bideragarri direlako. Berriro esanda, gure gizarteak oinarri moral nahikoa ematen du politika sozial publiko zabal eta oso gizatiarrak eraikitzeko, integrazioa eta kohesioa ahalbidetzeko. Are gehiago, horixe agindu eta baimentzen  du.
  2. Gure gizarteko integrazioa eta kohesioa sakontzen ez bada, zoritxarrez epe laburreko politikaren logikapean egongo delako izango da. Euskal gizarteak onartuko lituzke politika sozial indartsu eta koherenteagoak. Alde batetik, badago ikuspegi oso politizatu bat ezberdintasunak eta ustezko egoera jasanezinak bilatzeari ekiten dionak. Bestalde, ukaezina da hegemoniaren inguruko EAJ eta Bilduren arteko borroka isila eta guzti honek ez dio inolako onik egiten politika hauen inguruan sortu beharreko grossen koalition eraketari ekiteko. Bi eratako zailtasunak daude: mundu ikuskerazkoak eta politikoak.
  3. Mundu ikuskeretan, beste lurralde askotako politikan gertatu bezala, oso ikuspegi zaharkituak daude, eta eskaintza perspektibatik erantzuten da egungo arazoa eskari arazoa denean. Bestalde, kezkatzekoa da sostenibilitatea eta bideragarritasuna ez bereiztea, nola nahasten diren zertasuna eta nolakotasuna[3]. Abiatu orduko, nolakoek egin beharrekoa suntsitzen dute.
  4. Jasangarritasunak, sostenibilitateak, marko normatibotik du gehiago, ortzi-muga soziala da; bideragarritasunak, harako bidean nola aritu behar denaren inguruan hausnartzea dakar. Ez dago zorigaizto handiagorik honela hasten den galdera oso ohikoa baino: baina jasangarria al  da…? Jasangarria den ala ez baloreen munduan dago, edonola ere mantendu behar den objektuez ari da, hala adibidez komunitatea nola babestu, ez egingarritasunaren eremuan. Jasangarritasunak defendatu beharreko balore sozial desiragarri guztiak dira, guretzat eta ondorengo belaunaldi guztientzako ona dena; hau da, gizartea gorpuzten duten zutabe moralak. Beraz, egin behar dugunean ados bagaude, nola egin bilatuko dugu ezinbestez[4].
  5. Modernotasun industriala eta dagokion gizarte-integrazio sistema agortu egin denean, gizarte-inbertsio edo beste edozein antzeko edo etorriko diren ikusmoldeak eztabaidaren erdigunean  jarri behar dira. Harritzekoa da nola ekintzaileen inguruko egungo eta etorkizuneko debate antzuak, esaterako, produktibitateak dakarren mundu eraldatua ikusten uzten ez duena[5]. Ulrick Beck-en heriotzaren ostean bere azken apunteekin liburu bat osatu dute, eta han dio egungo gizartearen metamorfosia geldiezina dela[6]. Abiadura hartu du gizarteak, baina abiada bizian doazelarik gizarte objektu guztiak era berean eraldatzen doaz eta ez dugu ezer ulertzen, edo ez diogu inolako garrantziarik ematen, eta halaxe doakigu.
  6. Gizarte berrikuntzaz ari diren guztiak edo gehienak, berrikuntza teknologikoa baino ez dute kontutan hartzen eta erdigunean azpisistema teknologikoa ipinita gainontzekoak (kulturala, soziala, politikoa, ekologikoa, antropologikoa) bere kaxa uzten dituzte, gizakia babes gabe utzita eta gero harriduraz hartzen da mugimendu xenofobo (zaintzaleak?[7]) agertzen direnean.
  7. Enplegua egongo ez denerako, lana bai ordea, gizarte baterako beharrezkoak diren gizarte politiketan pentsatzen hasi behar da. DSBE (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta) garrantzizkoa izanda ere, hor ez da bukatzen gure gizarteko babes publikoa. Uste dut modu ugaritan ilargi materiala ikusi beharrekoan bakarrik aztarna digitala erreparatzen dugula.
  8. Paradigma berri batetik Ongizate Estatuak Ingalaterran duela 75 urte plazaratu zuena birpentsatu behar dugu: nola babestu pertsona bat jaiotzatik heriotza momentura arte[8]. Kean Loach-en 1945ko izpiritua filmea ikusi mesedez.
  9. Paradigma horren arabera, haurtzaro eta familietan inbertsioa garatu behar da[9], zaintzaren giza-eremuari nola aurre egin, demografia eta immigrazioa aldi berean eta luzaro sustatu, inklusio sozial (ez halabeharrez laboralak) modu berriak asmatu behar dira, egungo DSBEa defendatzeaz gain, hobetu eta adostasunak lortu[10], eta oro har lan/enpleguak bermatuko ez duen integrazio erak asmatu.
  10. Politikoki, ez da neurri edo tresna kontu soil bat.
  11. Horren aurretik nahi izan behar da, nahi bat garatu behar da: gurean eta gurekin bizi diren guztiak, bertakoak eta kanpotik etorritakoak, babestu nahi ditugula aitortu eta etorriko dira gero zailtasunezko gestioak, baina ez dezagun zailtasunaren izenean nahia baztertu.
  12. Esaera zaharrak dioen moduan gogoko aldapan, nekerik ez! Eta nahi honek euskal politika interpelatzen du, eta bereziki abertzaletasuna. Euskal nazionalismo osoak erabaki behar du bere identitate ikurren artean “babesle” agertu gura duen ala ez.
  13. Zer egin argi badago, nola egin ez da lanik zailena. Gizarteak egin du berea. Beren oinarri moraletik baimentzen du saiakera hau.
 

[1] Lehentasun nazionalaren jarraitzaile argiak daude gure gizartean.

[2] Aurreko belaunaldi politikoarekiko erlijio atxikimendu eskasagoa du eta gizarte politika hauen aurkaritza nabarmenagoa adierazten duen sektorea dugu.

[3] Euskaraz, txarrago oraindik, iraunkor terminoak errotik ukatzen du sostenible terminoaren esanahi arradikala.Iraunkorra permanentea da, eta askotan sosteniblea iraunkorra izango ez denean datza, esaterako deshazkundearen proposamenak planteatzen duenarekin. Honetaz ia 30 urte Jorge Riechmannek atentzioa deitu zuen. Are gehiago, sostenible hitza deskatalogatzearen aldekoa zen, edo mantentzeko oso zalantza sakonak zituen.

[4] Adiskide batek, gazteleraz proble-qués eta proble-cómos bereizten ditu. Ia beti gertatzen den moduan, bigarrenekin ezin da hasieratik ukatu (edo trabatu) lehenen inguruko debatea.

[5] Gaur bertan, artikulua bukatzen nabilenean, Berria egunkariak (2019.02.28) azalean honako berria dakar: CAF. Eskariak, enplegua baino bizkorrago. Noski!, zergatik harridura? Inoiz baino negozio eta lan karga gehiago eta langile txikitzea aurrera. Badirudi, oro har, ez dugula ezer ikasi.

[6] Duela hogei urte luze ere teorizazio antzekoa plazaratu zuen: Europa laboralki brasileñizatu egingo zela aurreratu zuen, ekonomia informalak guda irabaziko zuela. Eta arrazoi zuen! Prekarietatea gure artean dago eta nagusituko da eta biografiak post-linealak izango dira.

[7] Gero eta babes gabe sentitzen diren sektore sozialek, gehienetan autoktonoak edo white power deitutakoak, galdetzen dutenean “… eta nork zaintzen nau ni?“, munduko Marie Le Pen guztiek erantzuten dute “nik neuk, baina gureetarikoa bazara!”.

[8] «From the cradle to the grave». Txostena Lord Bedverigek zuzendu zuen eta Atllee presidenteak, Churchilli irabazi, martxan jarri.

[9] Harritzekoa da nola teorian demogafiaren inguruko kezka ikeragarria omen dagoen eta inork ez duen serioski planteiatzen famili eta haurtzaroko inbertsiorik…

[10] Legeagintaldi honetan, DSBEren legea berriztatzeko negoziazio guztia egin behar ez denaren eredua izan da.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp