Udalak programa: 2019ko katalogoa

Berri korporatiboak

2019/04/08

Udalak programa: 2019ko katalogoa

Eusko Ikaskuntzak, 90. hamarkadan hasitako bideari jarraikiz, udalen sarea sendotzen jarraitzen du harreman estu eta iraunkorren bitartez. Aurtengo katalogoan elkarlanerako aukera ezberdinak ikusgai daude.

Bide hori sendotzeko nahiarekin, 2019. urterako katalogoa prestatu dugu. Bertan dagoeneko gure bazkide diren udalei eta Euskal Herriko gainerakoei eskaintzen dizkiegun proiektuak daude, noski, udalerri bakoitzaren errealitatera egokituko liratekeenak.

Hiru dira proposatzen ditugun lan-lerroak:

  • Liburu Zuria eta gizartearen etorkizuneko erronkei buruzko agenda: tokian tokiko hausnarketak. 2016-2018 urteen bitarteko lanaren emaitza da Euskal Herriko lurralde(ar)en Liburu Zuria eta tokiak tokiko hausnarketen bidez eraikitzen jarraitzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Hamaika gai jorratu ditzakegu: Euskal lurraldeak, munduan, Europan eta estatuetan, Aniztasunaren kudeaketa kohesioaren bila, Gazteak eta etorkizuna, Ekintzailetza lan-guneetan, Zahartzaroaren erronkak, etab.
  • Historia eta ondarea aztertu eta interpretatu, etorkizuna pentsatzeko abiapuntu gisa.
  • Ikerketak: historikoak eta Eusko Ikaskuntzaren eremu nagusietan lantzen diren gaietatik abiatutako ikerketa lokalak.

Proiektuen ereduak anitzak dira: jardinaldiak, mintegiak, hitzaldiak, prozesu parte-hartzaileak, mugaz gaindiko foroak, ondarearen interpretazio planak, memoria historikoaren berreskurapenerako ekintzak edo ikerketak, argitalpenak...

Hemen daukazue katalogoa eskuragai.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp