Aurkezpena

1918. urtean sortu zenetik guztira 17 kongresu egin ditu Eusko Ikaskuntzak, bi helburu nagusirekin: batetik, ikerkuntza eta kultura sustatzea, eta, bestetik, Euskal Herriaren erronken eta beharren inguruko prospekzioa egitea, aurrerabidea xede.

2018ko udazkenean egingo da Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua, Geroa Elkar-Ekin / El futuro que nos (re)une / Notre futur ensemble lemapean. Aurten betetzen den Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko ekitaldi nagusia izango da.

Kongresuan, bost gai estrategikoren inguruko lanen emaitzak aurkeztuko dituzte. Herrialde osoan hiru urtez garatu dituzte lanak. Hausnarketa-prozesu horretan profesionalek eta adituek, gizarte zibilak, gizarteko, politikako eta ekonomiako eragileek, erakunde publikoek eta abarrek hartu dute parte.

 

Geroa Elkar-Ekin

Geroa Elkar-Ekin / El futuro que nos (re)une / Notre futur ensemble lemapean, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua Mendeurreneko ekitaldien amaiera izango da. Programa bost saioetan egituratuko da, 2015az geroztik Eusko Ikaskuntza bultzatzen ari den bost proiektu nagusiekin lotuta dagoena. Saio bakoitza euskal hiriburu batean ospatuko da. Hau da egutegia:

Bost atal horien emaitzek bat egingo dute azken saioan, eta bertan Kongresuaren ondorio nagusiak aurkeztu eta eztabaidatuko dira: azaroaren 23an, Oñatin. Azaroaren 24an, aldiz, Oñatin ere, ekitaldi instituzional handi bat egingo da eta, bertan, agintariak, Eusko Ikaskuntzako kideak eta euskal gizarteko hainbat lagun bilduko dira. Hainbat jardueren bitartez, jai eta partaidetza izaera emango zaio egun garrantzitsu horri.

 

5 ikerketa proiektu

«Etorkizunaren aurrean, lau jokabide-mota ditugu aukeran: ostruka pasiboa, hau da, aldaketak jasaten dituena; suhiltzaile erreaktiboa, hau da, sutea piztutakoan itzaltzeaz arduratzen dena; ziurtatzaile preaktiboa, zeinak bere burua prestatzen baitu gerta daitezkeen aldaketei aurre egiteko, badakielako prestakuntza prebentzioa baino garestiagoa izan ohi dela; konspiratzaile proaktiboa, hots, berak nahi dituen aldaketak eragiten saiatzen dena».

Aurkezpena
Nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea euskal gizarteak mende honen erdialdean izango duen etorkizunari buruz elkarrekin hausnartzeko proiektua da. Herritar xeheak eta adituak bilduko dituen foroetan oinarritzen da proiektuaren metodologia. Elkarrizketaren ondorioz, gaurko eta biharko ekintza proposamenak eta posizionamenduak sortuko dira, etorkizun kolektiboaren eraikuntzan parte hartzeko ikuspegiarekin.

Helburua
Proiektuak helburu bikoitza du:
- Alde batetik, gugan eragiten duten gaiekiko euskal gizarteak adierazten duen geldotasuna eta utzikeria gainditzea eta, horretarako, pertsonak pausaldian, hausnarketan, elkarrizketan eta elkarbizitzan trebatzea.
- Beste alde batetik, etorkizunerako nahi ditugun balizko agertokien ikuspegia irudikatzea, gizarteak berak asmatuta eta azalduta, kontakizun inpresionistatik abiatuz. Azken asmoa: emaitza berritzaileak eta probetxugarriak lortzea.

Hausnarketa lerroak

1) Hezkuntza eta ezagutzaren gizartea
2) Erronka demografikoa
3) Herri txikien etorkizuna

Hizkuntza suspertzeko prozesua itxaronaldian dagoela zirudien, ez aurrera ez atzera. Ezinbestekoa zen marko interpretatibo berri bat eta ordezko ikuspegi bat sortzea, ziklo hori bukatu eta beste bat abian jartzeko. Hain zuzen, norabide horretan orotariko ekimen interesgarriak ari dira sortzen elkarte mugimenduen, gizarte-erakundeen, eragile politikoen eta instituzionalen eskutik.

Aurkezpena
Euskalgintzak une honetan dituen erronkei erantzuteko irtenbide irudimentsuak behar ditugu. Ildo horretan, edozein bide aukeratzen dugula ere, euskararen alde orain arte egindako lan eskergari jarraipena eman behar diogu, ekintzailetza suspertuz eta euskaldunen komunitatea trinkotuz. Betiere printzipio bera oinarri hartuta: hizkuntza gutxituak suspertzeko, diziplina arteko lankidetza ezinbestekoa da.

Helburua
Hiru jardunbide jarriko dira abian, datorren hamarkadetarako euskalgintzaren errealitate berri bat eratzen laguntzeko:

- Euskaraz garatu nahi duen komunitatearen indarguneen azterketan oinarrituz, gizarte-eraldaketarako praxia bultzatzeko aukera emango duen interpretazio-esparru berria sortuko dugu.

- Komunitatearen kapitaletan oinarrituz, etorkizunerako nahi ditugun agertokien konstelazioa irudikatuko dugu.

- Ekarpen teoriko eta praktiko ugariak bilduz, nahi ditugun agertokien konstelazio horretara iristeko ibilbide-orria diseinatuko dugu.

Hausnarketa lerroak
1) Euskal komunitatearen kapitalen analisia
2) Etorkizuneko amestutako Eszenarioen konstelazioaren irudikapena
3) Desiratutako Eszenarioen Konstelazio horretara iristeko bide-orriaren arkitekturaren lanketa

Azken urteotan aldaketa sozial, ekonomiko eta politiko sakonak ari dira gertatzen munduan eta nazio-eremuan. Oraindik argitzeke dago zein den euskal gizartearen identitatearen eta kulturaren errealitatea mundu globalizatu eta digitalean.

Nazio-eremuko aditu batzuek lantaldea osatu dute kontzeptualizazio berri hori lantzeko. Ideologien gainetik, dimentsio akademiko eta teorikoan oinarritzen dira Dibertsitatea, kultura eta identitateak gaia jorratzeko.

Aurkezpena
Euskal Herriaren eraldaketa-prozesuan eragiten duten funtsezko elementuak aztertuko dira: balioak, kultura-artekotasuna eta identitatea, besteak beste. Horretarako kontuan hartuko dira euskal komunikazio-sistema eta IKTen eragina.

Horrekin batera, funtsezkotzat jotzen da kulturaren sustapena eta zabalkundea, balio sozioekonomikoa eta integratzailea delakoan.

Helburua
Globalizazioak eta egungo gizarte konplexuak elkarren arteko konfiantza jaitsiarazi du eta herri proiektuak eraikitzeko herritartasunaz eta balio partekatuaz hitz egin beharra dago. Aniztasunaren aniztasuna, bizikidetza eta kohesioa indartzeko bideak izango ditugu hausnarketa gai. Hezkuntzak, komunikabideek, ingurune digitalak eta kulturak zer paper jokatzen duten komunitatearen kohesioan, izaera kritikoaren sustapenean, bilgune espazioen eraikuntzan aztertuko ditugu.

Hausnarketa lerroak
1) Aniztasuna eta kohesio bideak
2) Euskal Komunikazio sistema eta testuinguru digitala

Gaur egun funtsezkoak diren galdera batzuei erantzun nahi die Euskal gizartea eta enpresa proiektuak:

– Zer da, gure ustez, «garapen sozio-ekonomikoa»?
– Zer eredu sozio-ekonomiko ari dira sortzen? Zer gaitasun dugu paradigma berri horietarantz jotzeko?
– Zer balio eta ezaugarri bereizgarri dituzte gure enpresek?
– Nolakoak dira (eta izan behar dute) enpresen arteko lankidetzak, eta enpresen eta instituzioen artekoak?
– Nola gaude kokatuta Europan eta ingurune globalean? Zer apustu egin behar ditugu?

Aurkezpena
Proiektuak oinarrizko ezaugarri jakin batzuk ditu, Eusko Ikaskuntzaren ezaugarri bereizgarrietan oinarrituta:
- Nazioarteko joeren eta aldaketen azterketa.
- Euskal Herriari erreparatzea, lurraldeari buruzko ikuspegi zabaletik.
- Ikuspegi sistemikoa.
- Diziplina anitzeko lana.
- Arreta berezia berrikuntzari.
- Historiaren eta orainaren azterketa, hausnartu eta etorkizunari buruzko proposamenak egiteko asmoz.
- Ezagutza berria sortzea baino gehiago da gaur egun dakiguna aztertu eta sozializatzea, eta gizartean eragitea.
- Azterketa teorikoa eta kasu errealen azterketa uztartzea (teoria eta praxia).
- Proposamenak eta gomendioak.
- Erreferentziako institutuen, elkarteen eta mugimenduen partaidetza sustatzea, baita pertsonena ere.

Helburua
Gailentzen ari diren eredu sozioekonomikoen eta enpresa ereduen inguruan hausnartzea, gure etorkizuneko erronka handiei buruzko azterlanak eta proposamenak egitea, eta iritziak eta hausnarketak gizartearekin partekatzea.

Hausnarketa lerroak
1) Ongizate eredua
2) Lurralde Estrategiak eta jasangarritasuna
3) Enpresa eta lan harremanen ereduak

Lurralde arteko gobernantza-eredu berri batean oinarritutako egitura soziopolitiko berri batek Europan kokapen hobea (kokapen geoestrategikoa esparru atlantikoan) lortzeko aukera emango die Euskal Herriko lurralde guztiei.

Aurkezpena
Prozesuan zehar egin diren galdera batzuk:
– Egituraketa soziopolitikoak zentzua ematen dio lurraldeari: zein dira eraldaketa soziopolitikorako elementuak?
– Zein dira edo izan daitezke lurralde arteko gizarte-proiektu berezitu, egonkor eta bideragarri bat egiteko aukera emango duten elementu komunak?
– Zer kohesio-maila daude (sektorialak, administratiboak, arauemaileak, sozialak…)? Zer potentzialtasun? Zer ahultasun? Zer aukera?
– Nola ulertzen dira gizartean kapital soziala, lurralde kapitala edo lurralde-adimena kontzeptuak, gobernantza ereduei dagokienez? Nola mugitzen dituzte lurraldeek euren ezagutzak eta nola egokitzen dira baldintza berrietara
– Nola eraiki genezake kapital soziala lurralde baliabide gisa?
– Nolako eragina du Internetek lurraldetasuna antzemateko eta ulertzeko eran?

Helburua
2017ko prozesuaren emaitzak Euskal Herriko lurraldeen Liburu Berdean hezurmamituko dira, bi helburu nagusi erdiesteko asmoarekin:

Lurraldeari buruzko mapa kontzeptuala proposatzea, dimentsio anitzeko errealitatea aintzat hartuta.

Euskal lurraldeen kohesioaren eta elkartasunaren gaur egungo egoeraren partaidetzako diagnostikoa egitea.

Horrela, Liburu Berdearen edukiak osatuz joango dira, eta proposamen-agenda partekatua zehazten hasiko gara, Euskal Herriko lurraldeen kohesioa eta elkartasuna indartzeko. Hau da, Liburu Berdean jasotako diagnostikoa eraldatuz joango da arian-arian Euskal Herriko lurraldeen Liburu Zuriaren lehen edizioan, eta bertan bilduko dira etorkizuneko agenda sozial eta instituzionalen oinarriak finkatzen lagunduko diguten agertokiak eta arkitekturak.

Hausnarketa lerroak
1) Euskal lurraldea(k) munduan, Europan
2) Euskal lurralde(ar)en harremanak estatu(ar)ekin
3) Euskal lurralde(ar)en kohesio politikoa eta demokratizazioa