Historia

Eusko Ikaskuntza Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundiek sortu zuten 1918. urtean eta euskal kultura-modernitatearen hasiera suposatu zuen.

Oñatiko Kongresua (1918)

«Eusko Ikaskuntza sortarazi beharko zuen batzar nagusi baten ideia Angel Apraizena izan zen, Bilbon eman zuen hitzaldi batean azaldurikoa. Ideia zabaldu egin zen gero eta, euskal Aldundien laguntza zela bide eta erakunde zein partikular askoren atxikimendu beroari esker –Zuberoa eta Erronkaritik Karrantza eta Gobiaraneraino–, batzar handi hura egin ahal izan genuen».

 

Oñatiko Kongresua (1918)
 

Horrela azaltzen zuen Jose Migel Barandiaranek Eusko Ikaskuntzaren sorrera, 1918an Oñatin (Gipuzkoa) egindako Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuaren emaitza gisa, alegia.

Bere lehen urteetan Eusko Ikaskuntzak hiru Kongresu handi antolatu zituen (Eusko Ikaskuntzaren II. Kongresu, irakaskuntza eta arazo ekonomiko-sozialen ingurukoa, Iruñean, 1920an; Eusko Ikaskuntzaren III. Kongresua, Gernikan, 1922 urtean, hizkuntza eta irakaskuntzari buruzkoa; IV. Kongresua, lanbiderako orientabide eta irakaskuntzari buruzkoa, Gasteizen, 1926an), bai eta beste bi Batzar ere, udal arazoez (1919) eta euskal arrantzaren egoeraz (1925) jardun zutenak.

Hasiera hartan, halaber, Eusko Ikaskuntzak Euskaltzaindia abiarazi zuen, geroko ikastolen oinarri teorikoak ezarri zituen eta euskarazko lehen eskola liburuak eginarazi zituen.

Era berean, metodologia eta goi kulturari buruzko ikastaroak antolatu, bekak eta pentsioak banatu eta laguntzak eman zituen arkeologia alorreko miaketa lanak egiteko, bai eta artxibologia eta dokumentazio alorreko lehen sistematizazioak bultzatu ere, eta Anuario de la Sociedad de Eusko Folklore zein Revista Internacional de los Estudios Vascos, RIEV aldizkarien argitalpena hartu zuen bere gain.

Primo de Riveraren diktaduraren garaian zailtasunak izan ondoren, hogeiko hamarkadaren amaieratik aurrera Eusko Ikaskuntzak gogo biziagoz ekin zion lanari, lehen Udako Ikastaroak (1927tik aurrera) antolatuz, elebitasuna irakaskuntzan aztertuz, Euskal Unibertsitatearen aldeko Batzorde bat eratuz, kongresu tradizioarekin lotuz, euskal arte herrikoiari eskainiriko V. Kongresuarekin (Bergara, 1930). Aldi berean, alderdien gaineko izaera zuen Autonomia Batzorde batek euskal historiaren lehen proiektu autonomikoa aurkeztu zuen 1931ko maiatzean, Lizarrako Estatutua izenez ezaguna dena.

Gerra Zibilaren ondoren Eusko Ikaskuntzaren jarduerak etenik gertatu ziren Hego Euskal Herrian, baina hala ere horrek ez zuen galarazi bi Kongresu egitea, Miarritzen (1948) eta Baionan (1954). Horiek, bost kontinenteetan barreiaturiko kultura jendea berriro biltzea bideratu zuten.

1978ko irailean, Oñatin bilduriko bazkideen Batzar Nagusiak Eusko Ikaskuntzaren jarduera berriro abiaraztea erabaki zuen, Jose Migel Barandiaran lehendakari izendatzen zuela, eta honek helburua finkatu zuen: “gure elkargoa euskal-ikerketen eta ikaskuntzenardatz eta euskal-ikerlen biltokia, lehen bezela izatera eraman dezagula”.

Harrezkero, Eusko Ikaskuntza bere lan zientifiko eta kulturala garatzen jarraitu zuen euskal kulturako lurralde guztietan.

Jose Migel Barandiaranen ondoren (1978-1991), hauek izan dira erakundeko buruak: Gregorio Monreal (1992-1996), Juan Jose Goiriena de Gandarias (1996-2002), Javier Retegi (2002-2008), José María Muñoa Ganuza (2008-2012) eta 2012ko uztailaren 20tik Iñaki Dorronsoro.

Egun 100 urte bete dituen erakundea da. Sorrerako misioa gizarte moderno eta konplexu baten testuinguruan bideratu eta eguneratzen dihardu Eusko Ikaskuntzak. Orain 100 urte bezala, erakundea martxan jarri zuten lau instituzio fundatzaileak Eusko Ikaskuntzarekiko bere konpromisoa berretsi dute.

Eusko Ikaskuntzako Udako Ikastaroak

 

Ehun urte
 

2018an Oñatin burutu zen ekitaldi nagusian, Eusko Ikaskuntzak etorkizunari begira Mendeurreneko Adierazpena plazaratu zuen. Honela zioen amaieran:

“1918an Oñatin irudikatu ziren hainbat agertoki errealitate bihurtu dira neurri handian: lehen aldiz, euskal lurralde guztiek dituzte erakunde propioak, autogobernu maila ezberdinekin; baditugu kalitatezko sistemak hezkuntzan, osasunean eta gizarte babesean; nabarmen biziberritu dira euskara eta kultura; unibertsitateak sortu dira; euskal gizarteak bizi maila ona du eta bere erabakitzeko ahalmena areagotu egin da...”.

Euskal Herria egituratu eta erakundetu egin da, bai: alde batetik, unibertsitateak, gizarte mugimenduak, eragile sozial, ekonomiko eta politikoak...; bestetik Eusko Jaurlaritza, Nafar Gobernua eta Euskal Hirigune Elkargoa. Ehun urteotan garatu egin dira hainbat baliabide sozial, ekonomiko eta politiko, eta egungo egoera ez da ordukoa bezain agonikoa.

Haatik, orduan bezala, aldaketa eta nahasmen giroa da nagusi, munduan bezala gurean. Joera argi batzuk ikusten badira ere, ez da samurra antzematea zein izango den haien bilakaera eta aldaketaren erritmoa. Garai honen ezaugarria da, gainera, prozesu sozialen azkartasuna eta erabakiak hartzeko urgentzia. Epe luzekoa aurreikustea zaila izanik eta egunerokoaren presiopean, epe motzeko agertokitan mugitzen gara.

Baina gaur ere –gaur areago- ezinbestekoa du Euskal Herriak epe luzeko begirada lantzea, munduaren bilakaeran antzematea non dauden gurea bezalako komunitate txiki baten aukerak eta arriskuak, herri lehentasunak elkarrekin finkatzeko eta gure baliabideak bideratzeko haiek lortzera. Hain zuzen, begirada luzea lantzeko sortu zen Eusko Ikaskuntza duela ehun urte. Eta horretarako dago prest ehun urte geroago.

Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko ibilbidea Euskaldunon Mendea, 1918-2018 : Eusko Ikaskuntza 100 urte argitapenean jasota dago.

 

Eusko Ikaskuntza Mendeurrenaren ondoren
 

Bere mendeurrena zela-eta, Eusko Ikaskuntzak hiru urteko lankidetza prozesua burutu zuen 2018an, unibertsitateetan, erakunde publikoetan eta gizartean dauden milatik gora aditu eta ariturekin. Helburua zen Euskal Herriaren etorkizuneko egitasmo bat lantzea 20/25 urteko perspektibarekin, eta lankidetza marko bat ezartzea, hortik abiatutako ikerketa eta lanketa zehatzagoen bidez, politika publikoak eta gizarte dinamikak elikatzeko.

Prozesuaren emaitza Oñatin gizarteratu zen 2018ko azaroan, eta Euskal Herriko hiru erakunde nagusietako agintari gorenek eman zioten babesa bertan aurkeztutako egitasmo partekatuari. Ez dago une honetan maila bereko definizioa eta legitimitatea biltzen dituen herri proiekturik.

Oñatin aurkeztutako Liburu Zurian, Eusko Ikaskuntzak bere burua eskaintzen du ehun urte lehenago

“sorreran eman zitzaion eginkizuna molde berrituekin betetzeko: herri garapenerako begirada luzea lantzea, ezagutza eta berrikuntza erabilita, lankidetza estuan erakunde publikoekin, eragile politiko eta sozialekin, eta herritarrekin, politika publikoen eta gizarte dinamiken mesedetan”

Mendeurrenarekin Eusko Ikaskuntza biziberritu egin da: bere egiteko fundazionala kokatu du berriro erakundearen ardatzean, eta horrenbestez berreskuratzen hasi da euskal gizartean esleituta daukan tokia. Prozesu horretan, erakunde publiko sortzaileen babesa izan du, lau euskal diputazioak (Nafarroakoa gobernu bihurtuta) ordezkatuta baitaude Kontseilu Errektorean. Baita Eusko Jaurlaritzarena eta Euskal Hirigune Elkargoarena ere.