'Kandinsky' aurkeztuko dau Guggenheim Bilbao Museoak

Bizkaie! 2020-11-19 09:46   Kulturea

Vasily Kandinskyren pinturen eta papel ganeko obren erakusketa osotu bat erakutsiko dabe, gaur, Bilboko Guggenheimen. 

Lekha Hileman eta Juan Ignacio Vidarte | Ikusi handiago | Argazki originala

Erakutsiko diran obra danak New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Foundation-en lan gorenetakoak dira. Erakusketeak BBVA Fundazinoaren babesa dauka, eta XX. mendearen hasierako pinturearen barritzaile nagusietako baten bilakaerea errepresentetan dau; izan be, Kandisnky abstrakzinoaren aitzindaria eta estetikearen teorialari ezagunenetako bat izan zan. Erakustaldia zemendiaren 20aren eta maiatzaren 23aren artekoa izango da.

Guggenheimeko ekimenaren barrenean, egun osoko egitasmoa atondu dabe: 09:30etan, grafikoentzako deialdia egin dabe Museoko Atondoan; 10:30etan, prentsaurrekoa egingo da atrio alboan; jarraian, 'Waitoller' museoko arte-arduradunagaz, Lekha Hilemanegaz, erakusketea azaltzeko bisitaldi gidatua egingo dabe. Bisita honetan, besteak beste, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusiak be hartuko dau parte. Eguerdiko 12:00ean, ostera, erakusketearen streaming bidezko bisitaldia egingo dabe, bertaratu ezin diranei zuzendurikoa; interneteko ibilaldi honen gidaria Megan Fontanella izango da: erakusketearen komisarioa eta New Yorkeko Solomon R. Museum-eko arte-arduraduna da.


Vasily Kandinsky
(Mosku, 1866–Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1944)

XX. mende hasierako artistarik apurtzaileenetako bat izan zan. Margolaritzeak mundu naturalagaz zituan loturetatik askatzeko helburua izan eban, bakarrik artistearen barru-preminean oinarritutako gai barriak topetan saiatu zan, eta auzi hori bere bizi osoan izan eban gogoan.

1900eko eta 1910eko hamarkadetan, Munichen bizi zalarik, kolorearen eta konposizinoaren adierazkortasun-aukerak aztertzen hasi zan Kandinsky. Halanda be, 1914an, Lehen Mundu Gerrea hasi zanean, Alemaniatik alde egin behar izan eban. Bere jaioterrira, Moskura, itzuli zanean,errusiar abangoardiaren kutsu utopikoko esperimentuak bere pintura-hiztegian erakusten hasi zan, forma geometrikoei inportantzia handia emonaz, hizkera estetiko unibersal bat osotzeko asmotan. Alemaniara bueltatu zanean, baina, Bauhausagaz alkartu zan Kandinsky, irakasle lez. Artea eta diseinu aplikadua bere eskola haren oinarrian egozala uste eban: arteak gizakia eta gizartea eraldatzeko ahalmena eukalakoan egoan. Baina, 1933an, atzera iges egin behar izan eban Alemaniatik, nazien presinopean Bauhausa zarratu egin ebelako. Orduan, Kandinsky Parisko kanpoaldean finkatu zan; bertan, biomorfismoa erabiliaz, surrealismoaren eta natura-zientzien eragina agirian isten eban ikonografia bat lantzeari ein eutson.

Kandinskyren biziak lotura estua dau New Yorken 1937an sortutako Solomon R. Guggenheim Foundation-en istorioagaz, beharbada, beste edozein artistarenak baino gehiago. Fundazinoaren sortzailea, Solomon R. Guggenheim industria-gizona, 1929an hasi zan Kandinskyren lanak batzen, eta hurrengo urtean Dessauko Bauhausen ezagutu eban artistea. Honako erakusketa honek fundazinoak dituan helmuga zabaletatik datozan lanak aurkezten ditu, eta margolariaren ibilbide esanguratsua ilustretan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu